Garraio sanitarioa Bizkaian: lotsagarria!

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko uzt. 26a, 08:32

Itundutako garraio sanitarioaz, Bizkaian, Ambulancias Bizkaia UTEk kudeatua (esaera da), kalifikatzaile asko erabil ditzakegu, baina horien artean bat nagusitzen da: lotsagarria.

Lotsagarria diogu, gaixoek itxaronaldi amaigabeak, atzerapenak, kontsulta-orduak eta tratamenduak galdu behar izatea eta abereek ere pairatzen ez duten harreman ezatsegina jasan behar dituztelako. Eta hala ere, Ambulancias Bizkaia UTEren kudeatzailea den Angel Luis Martinez Calleja jaunak dio haren lehentasuna gaixoen osasuna eta segurtasuna dela!

Bestela galdetu diezaiotela 5 hilabete eskas duen haurraren amari, hark, uztailaren 18an, Gurutzetako Ospitalean 3 orduz baino gehiagoz egon behar izan zuelako anbulantzia baten zain etxera itzultzeko, tratamendua jaso ostean. Jasangaitza! Eta hau aipatzean, adibide txiki bezain garrantzitsuaz ari gara.

Lotsagarria da, osasunari kalte egiten dioten lan nekagarriak eta neurriz gaineko ahaleginak egiteko eskatzen zaielako Ambulancias Bizkaia UTEko beharginei. Askotan, hauen eraginez, baja hartu behar izaten dute eta pazienteak arriskuan jartzen dituzte ere. Eta Angel Luis Martinez Calleja jaunak, Ambulancias Bizkaia UTEren kudeatzaileak dio haren beharginen osasuna jagoten duela.

Lotsagarria da, Angel Luis Martinez Calleja jaunak haren beharginen osasunari eragin arriskuak ahalik eta gehien urritzen lagunduko luketen baliabideak, zerbitzu negargarri hau hobetzen lagunduko luketen baliabideak ez dituelako jarri gura. Hala ere, Angel Luis Martinez Calleja jaunak, Ambulancias Bizkaia UTEren kudeatzailea, lana segurtasunez (haiena zein gaixoena) betetzeko baliabideak eskatzen dizkioten beharginak zigortu eta ikaratzen ditu. 

Lotsagarria da, gaixoen edota istripuren bat jasan duten pertsonen garraioa funtsezko zerbitzua izanik, Angel Luis Martinez Calleja jaunaren asmoa ahalik eta etekin ekonomiko handien lortzea delako, beti ere, haren beharginen, pazienteen eta pertsona ororen lepotik. 

Lotsagarria da, azken finean, hau guztia Eusko Jaurlaritzaren babesean jazotzen ari delako; Jaurlaritzak kalitateko zerbitzu publikoa gura duela esan arren, Angel Luis Martinez Calleja jaunari lagatzen dio guztioi iseka egin diezagun.

LAB, ELA, UGT