Aurreko uda ostean, Bilbao Kirolakek instalazio bakoitzean aforoa kontrolatzeko gailuak ezartzea erabaki zuen, baina gailu hauen funtzionamendu kaskarrak ez du laguntzen uneoro dauden erabiltzaileen zenbatekoaren datu erreala izaten. Gainera, eguzkia hartzeko gunean bainua hartzerakoan baino aforo askoz handiagoa ezartzen da, ezinezkoa izanik eguzkia hartzeko gunean dauden pertsona guztiak ez direla bainua hartzeko gunera pasatuko kontrolatzea. Sorosleen eginkizuna igerian ari den jendearen segurtasuna bermatzea izan behar da eta ez igerilekurako sarbidea kontrolatzea, ezinezkoa bada igerilekuko aforoa une-oro kontrolatzea.
Adibide bezala, Errekaldeko instalazioetako eguzkia hartzeko gunean 1.074 pertsonarentzako aforoa dago ezarrita, igerilekuan bertan 454 pertsonarentzat. Nabaria den bezala, Bilbao Kirolakek sorosleengan uzten du erantzukizun osoa 620 pertsona horiek bainatzera sar ez daitezen. Ezinezkoa da kontrol zehatza ematea instalazio hauetako sorosle gutxi batzuekin, beraien lana ez delarik aforoa kontabilizatzea.
Era berean, Bilbao Kirolak erakundeko igerilekuak ez daude prestatuak egungo eskaerari aurre egiteko, beroa dagoen egunetan Artxanda, Errekalde eta Txurdinagako igerilekuetan batez ere egoera oso larria izanik eta San Ignacio zein Zorrotzako instalazioetan aforoa kontrolatzeko inolako gailurik ez egoteak sortzen dituen arazoengatik.
Egoera larriagotu egiten da uztaila eta abuztuan murrizketengatik itxitako instalazioak direla eta, Bilbao Kirolakek subkontratatutako sorosle asko langabe gelditzen direlarik, gainontzeko zentroetan lanez gainezka dauden bitartean.
Beraz, LABetik langile hauek jasaten duten egoeraren salaketa nabarmendu nahi dugu, arrisku larria izanik bai instalazioetako erabiltzaileentzat zein subkontrataturiko langileentzat, beraiengan jartzen baita erantzukizun osoa. Bilbao Kirolaki exijitzen diogu, subkontratatua duen enpresaren eta instalazioen arduradun bezala, neurri efektiboak har ditzan sorosleek beraien lana egin ahal izateko eta horrela erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko.