Agerraldiko edukia
Manpower Group enpresarekin azpikontratatuta gauden Guggenheim Museoko hezitzaileak berriz ere gaude greban gaur. Gure lan baldintza prekarioen arduradunak geldirik daude, eta premiazkoa da lehenbailehen orain dela urteak pairatzen ari garen egoera hau konpontzea, duintasuna eta lan egonkortasuna lortzeko.
Guggenheim Museoko patronatua osatzen dute instituzio publikoek, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ez diete langileon eskaerei erantzun eta ez dute erantzunkizunik hartzen.
Patronatuko kide de Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ez du gatazka honetan iritzirik eman eta museoari igorri dio arazoa.
Abuztuaren 3an Manpower eta Guggenheim Museoarekin izandako batzarretik hona bietako inor ez da langileokin kontaktuan jarri.
Guggenheim Museoko ordezakari den Garbiñe Urrutikoetxeak, atzo, ez zuen gure eskakizunei erantzuna emateko eguna aurreratu eta gure kontratua irailaren 30ean bukatzen da. Honek baldintza-agiriaren argitalpenaren aurrreko edozein negoziazio oztopatzen du.
Zenbait greba egun eta mobilizazio egin eta gero, inork ez du lan honetan subrogazioaren bitartez gure egonkortasuna bermatzen. Instituzioek ez dute lan baldintzak hobetzeko konpromisorik ezta inolako borondaterik ere.
Egoera honen aurrean eta gatazka konpontzea premiazkoa delako, irailaren 1ª arte antolatu ditugun deialdiek bere horretan diraute eta blokeoak aurrera jarraitzekotan, ez dugu greba mugagabea egitea baztertzen.
Azkenik, esan beharra dago greba egunak bertan behera uzteko borondatea azaldu diegula bai Museoari zein Manpowerri, subrogazioa eta dagokigun kategoria profesionala aitortu eta bermatuz gero. Honek oinarrizkoa den hezkuntza zerbitzua duintzea ekarriko luke, harrotasunez, kalitatez eta bikaintasunez egiten duguna, Juan Ignacio Vidarteren arabera, “batez ere izaera hezitzailea” duen instituzio batean.