Azpimarratu behar dugu, joan den ekainaren 28an, Erandioko LIDLen, construcciones Olabarrik azpikontratatutako beste enpresa bateko langile bat hil zela.
Behin eta berriz azpikontratazioa. Aurreko astean, azpikontratatutako beste langile bat hil zen Gasteizko Michelinen.
Honekin 50 dira gutxienez Euskal Herrian hildako langileak, eta faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea. Langileen bizitza ekoizpen eta kapitalaren zerbitzura, mozkinak bizitza eta osasunaren gainetik lehenetsiaz. Noizko azpikontratazioaren gaineko benetako kontrola?
Jakina da azpikontratazioak prekarizazioa dakarrela, eta ondorioz, osasunaren galera eta istripu hilgarriak. Prebentzio arloan dagoen prestakuntza faltak, zabor kontratuei eta produkzioa handitzeko presioarekin batera, laneko istripu ugari sortarazten dituzte, modu tragiko eta traumatikoenean azaleratzen direnak.
LAB sindikatutik gogor salatzen dugu istripu berri hau, baita administrazioak duen jarrera pasiboa, lan baldintzen okertzea txalotzen duelako, aparteko orduak, zabor kontratuak, prekarietatea…
Behingoz eta bide batez administrazioari, eta kasu honetan Jaurlaritza berriari, lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzea exijitzen diogu.
Azkenik LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu langilearen senide, lagun zein lankideei, momentu gogor hauetan. Era berean, dei egiten dugu ostiralean, azaroaren 5ean, gehiengo sindikalak deituta, eguerdiko 12etan egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Mobilizazioa, Bilboko Albia eraikinaren parean izango da.