Manifestazioa egingo du LABek bihar, Bizkaiko adinekoen egoitzetan benetako aldaketak aldarrikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko abe. 15a, 08:00

goiena.eus

Bizkaiko adinekoen egoitzetako gatazka ez da soilik lan gatazka bat. LABen ustez, gaur egun dagoen lan hitzarmenak ez die langileek benetan dituzten arazoei heltzen eta sistema hau mantentzeko baino ez du balio. Argi dugu sistema honek langileen lan baldintzak geroz eta gogorragoak egiteko baino ez duela balio.

Arazoa eta gatazka hau aspalditik dator, baina orain da hau konpontzeko garaia. Langileok argi dugu hitzarmen honetatik ezin dela pasatu 1.592 orduko gehienezko lanaldia ezarri gabe, aldi baterako desgaitasunak %100ean konpentsatzeko konpromisoa hartu gabe, ratio egoki batzuk ezarri edota patronalari, diru publikotik gehienezko irabazien muga %2an ezarri arte.

Orain da gure garaia, eta pausu sendo eta gogorrak ematea dagokigu denoi eta denon mesedetan. LABek argi du arazoa erabaki politikoetan datzala, zerbitzu hauen pribatizazioan eta merkantilizazioan. Arazoa, instituzioek enpresa pribatuen mesetan aritzea lehenesten dutenean dator, eta ez pertsonen mesedetan. Enpresek gero eta etekin handiagoak atera nahi dituzte diru publikotik eta, hau, langileak estutuz baino ez dute lortzen.

Arazoa eta irtenbidea, beraz, politikoak dira eta Bizkaiko Foru Aldundiko talde politiko guztiei dagokie hau konpontzea.

Hau esanda, LABeko Adinekoen Egoitzetako langileok, abenduaren 16an, goizeko 11:00tan Bilboko Jesusen Bihotzetik hasiko den mobilizaziorako deialdia egiten dugu.

Mobilizaziorako atxikimendu ugari jaso ditu LABek, bakoitzak bere ikuspuntutik ere ekarpena egiteko asmoz, Bilbon elkartzeko konpromisoa erakutsi duelarik (Pentsionistak Martxan, Babestu, EH Bildu, Podemos, FeministAlde, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Gafas Moradas, Antikapitalistak eta Bilgune feminista).