Larria da pentsionisten kolektiboak bizi duen egoera. EAJ, PSE eta PPk lepoa ematen jarraitzen dute eta 1.080 eurotako gutxienezko pentsio duina izateko aukera ukatzen diete. Horixe da Gasteizko parlamentuan aurkeztutako 71.724 sinadurek iaz eskatu zutena, hain zuzen ere. Orain, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE) zigortu nahi dituzte berriro, legez dagokien igoera ekidin nahian. Igoerak, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak izandakoaren bestekoa izan beharko luke.
Gogoratu behar dugu, EAEn euren miseriazko pentsioengatik DSBEa eskatu behar duten 15.817 pentsionistetatik %67,88a (10.737) emakumeak direla. Hauek oso pentsio baxuak jasotzen dituzte eta DBSEa eskatu beharrean aurkitzen dira. Guzti hori estatistika hauetan sartzen diren emakumeen kolektibo handia kontatu barik, urte luzetan familien zaintzan lanean ibili arren kotizatu ez zutenak eta pentsiorik izateko aukera izan ez dutenak. Gogoratu behar da DSBEa jasotzen duten 63.797 pertsonetatik, gehiengoa (35.951) emakumezkoa direla.
Eusko Jaurlaritza eta honi babesa ematen dioten alderdiek oso ondo dakite, DSBEa Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste ez igotzeko euren proposamena (biak neurri berean igo behar direla dago zehaztuta legean), zigor gehigarria dela pertsonarik zaurgarrienentzat, baina axola ez diela ematen du. Ez dugu ahaztu nahi aurretik DSBEak izan zuen murrizketa, Patxi Lopez EAEko lehendakari izan zenean, %7koa. Hau beharrizanik larrienak dituzten pertsonek jasaten dituzten murrizketei gehitzen zaie. Hauen erantzule diren gobernu eta alderdiek interes gehiago duten aberatsak eta proiektu handiak babesten, hilabete amaierara iritsi ahal izateko zailtasunak dituzten eta duintasunez bizi nahi dute pertsonak baino.
Emakumeak, are gehiago pentsionistak eta pobreak bagara, ez diegu axola eta euren itxurakeriazko diskurtsoen gainetik, egunerokotasunean konprobatzen dugu errealitatea bestekoa dela. Euren ekintzek kontrakoa adierazten dute eta guk, ez diegu axola.
LABen Pentsionisten Arlotik dei egiten diogu jendarteari, bereziki emakumeei, Eusko Jaurlaritzaren eraso berri hau eragozteko mobilizatzera. Patxi Lopezen garaiko murrizketa indargabetzea eskatzen dugu eta DSBE %8 igotzea Lanbidearteko Gutxieneko Soldata beste. Ez dugu onartuko politika neoliberal eta antisozialek beharrizan larrienak dituztenak zigortzen jarrai dezaten, bereziki emakumeak. Mobilizazio kolektiboa, eskubideak aldarrikatzera kalera ateratzea, horixe da bide bakarra hau lortzeko.