Langileei eskatu eta eskatu baino ez zaie egiten, esfortzu gehiago egin behar dutela esaten zaie, dirurik ez omen dago unibertsalak diren eskubideak modu egoki batean bermatzeko. Egoitzetako egoera langileek konpondu beharko balute bezala hitz egiten diete. "Arduragabekeria" irizten diote honi.
Zahar Egoitzetako langileek den-dena ematen dute lanean. Ahal eta behar dutena baino gehiago ematera daude behartuak, egoera tamalgarriak behartuta. Beti dabiltza presaka, lan karga fisiko izugarriekin, asteburu eta jai egun asko egiten dute lan, ez dugu atsedenerako tarte nahikorik... eta hau dena, haien bizien azkenetan dauden pertsonekin. Guzti honek, karga emozional eta psikologiko oso handia ere badakarrela esan behar da. Isilpean gordetzen den sufrimendua gehienetan. Euren lanak guzti hau bere ezaugarrien baitan ekarriko balu bezala, euren lanaren parte balitz bezala.
Sufrimendu eta neke orokortu hau ezin da barneratu lanaren parte izango balitz bezala. Ez da justua irakurketa hau egitea egoeraz. Egoera eta gatazka honek errudun eta erantzule zuzenak ditu eta Aldundia eta patronala dira.
Gertatzen dena hurrengoa da:
• 3. Adineko Egoitza gehien gehienak (148tik 125, gutxi gora-behera) esku pribatuek kudeatzen dituzte. Zerbitzu publiko pribatizatu eta prekarizatua bihurtu dute politikariek. Merkatuan etekinak ateratzeko dago diseinatua ia bere osotasunean. Aldundiak diru publikoa (denona den dirua) enpresarien eskuetan jarri eta langileak prekarietatean bizitzera kondenatzen gaituzte.
• Aldundiak ez ditu behar besteko neurriak jartzen guzti hau kontrolatzeko! Ez du bitarteko ekonomiko nahikoa bideratzen eta bideratzen den diruaren kontrola ere ez dela modu egokian egiten. Zertan inbertitzen dute enpresek jasotzen duten diru publikoa? Aldundiak ez al du hau kontrolatu eta mugatzeko betebeharra?
Eta langileok aldarrikatzen duguna hurrengoa da, beraz:
• Kalitatezko zerbitzu publikoetarako bidea egiten joan behar gara. Ez da bide erraza, baina denon mesedetan egiten joan behar garen bidea da.
• Ratio egokiak eta kategorietan zehaztuak: langile gehiago behar dira txanda bakoitzean lanean, eta honek ezin du gehiago itxaron.
• 1.592 orduko gehienezko lanaldia urtean. Hau da, egoitza publikoetan lan egiten den ordu kantitatea eta eurek 106 ordu gehiago egiten dituzte, soldataren erdiaren truke. Langileen gorputzek atsedena behar dute!
• Kontrol publiko handiagoa. Ezin da inor aberastu zerbitzu publiko bat eskaintzeagatik: Patronalari gehienezko irabazien muga ezartzea eskatzen du LABek, %2 baten inguruan egon litekeena.
Gatazka hau konpontzeko borondate politikoa behar dela aldarrikatu nahi du LABek. Politika sozialetan benetan inbertitu eta pertsonen mesedetan lan egiteko ordua heldu da. Orain izan behar da aldaketa, langileek ezin dute itxaron, kudeaketa ereduaren aldaketa da behar dena.