Eragile ugarik bat egin dute gizarte eskubideen alde apirilaren 1ean Bilbon antolatu den manifestazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2017ko mar. 28a, 12:00

Agerraldia egin dute gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Bertan egon dira eskubide sozialen alde eta murrizketen kontra joan den martxoaren 24an gose-greba abiatu zuten kideak, larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko dei eginez.

Bilbon larunbatean egingo duen manifestazioa 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik. Mobilizazio honetan planteatzen dituzten eskaerak hauek dira:

• Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) eta Lanbidek kudeatutako gainontzeko prestazioei Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) izan duen %8ko igoera aplikatzea.

• 2017rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan jasotako xedapen gehigarrian prestazio sozialen zenbatekoan ezartzen den %7ko murrizketa eraginik gabe uztea. 

Aldarrikapen hauek murrizketez betetako urteen ondoren egin dituzte:

• Gizarte prestazioetara sarbide izan ahal izateko baldintzak gogortu dira; adibidez DBE eskatu ahal izateko erroldatze denbora urte batetik hiru urtera igo da.

• Prestazioen zenbatekoa %7 murriztu da.

• Lanbidek irizpide murritzaileak aplikatu ditu, kasu askotan gehien behar dutenen pertsonen eskubideak urratuz.

Hamarnaka dira eskaera hauekin bat egiten duten erakunde sozial eta sindikalak, eta horregatik bat egiten dute larunbat honetarako deitutako manifestazioarekin. Badakite "asko dagoela jokoan, bermatutako gutxieneko diru-sarrera batzuen existentzia borroka sozialaren ondorio dela, gizartearen mobilizazioaren emaitza".

Eskubide sozialak defendatzea DBEren murrizketak eta hau jasotzen dutenen kriminalizazioa arbuiatzetik igarotzen da. Hau exijitzen dutenen pluraltasunaz arreta deitu nahi dute. Sindikatuetako kideak dira, esparru feministako gizarte erakundeetakoak, gazte mugimendukoak, pertsona migratzaileen aldekoak, ekologismoarenak, pentsionistenak, pobreziaren aurkakoak, gizarte bazterketaren kontrakoak, Sare Ekonomiko Alternatibo eta Solidariokoak...

Hau guztiagatik, bat egiteaz gain, herritarrei dei egiten diete apirilaren 1ean Bilbon egingo de protestan parte hartzera, 17:30tan Jesusen Bihotza plazatik aterako dena.