Azken asteotan, Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu Zentralak jotzen duten doinua bera da: bilateralitatearen onurak goiraipatzea; hain justu, akordio ezberdinen bidez praktikan jarritako bilateralitatea –kupoaren akordioa, aurrekontuei emandako babesa, sabai-gastua…-, helburu bakarra duena: egungo status quoa mantentzea. Eta bidaia honetarako, Espainiako Gobernuak, transizioan egin bezala, bigarren honetarako ere EAJren erabateko babesa jaso du.
EAJren apustua ez da aldatu. Herri honen garaipen handienetako bat bezala saltzen ari den Kupoaren akordioa, burujabetza lortzeko ametsari egiten zaion iruzur berri bat da. EAJ bat dator eskuin ekonomiaren proiektu ekonomikoarekin eta, modu honetan, inoiz ez du arriskuan jarriko babesa eskaintzen dion Espainiako politika-instituzionala. Horregatik egiten dio uko euskal gizarte justu eta solidarioago bat eraikitzeari.
Horretaz gain, Kupoaren akordioak menpekotasun politiko eta ekonomikoa betikotzen du, Estatuari unilateralki adostuakoa bete edo ez erabakitzeko aukera eskainiz -politikoki komeni zaienaren arabera-. Kontzertuak, eta Kupoak, akordio honen ostean, dena ondo lotua egoteko Estatuak kudeatutako tresna unilateral bat izaten jarraitzen dute. Eta, gainera, akordio txar baten aurrean gaude lehenago adostutakoa birnegoziatuz dirua galtzen delako.
Estatuaren gain esklusiboki diren inbertsioak finantzatzen ditu, AHTa besteak beste, eta, bitartean, Espainiako abiadura handiko trenbide sarearen zorra eta eraikuntzaren %6,24 ordaintzen du. Kupo oinarrian ordaindu beharrekoa igotzen du datozen bost urtetarako. Eta, estatua gainfinantzatzen du %6,24ko indizea mantenduz, ordaindu beharreko kupoaren kriterio moduan ezarriz.
Egun ez digu harritzen EAJk hartutako posizioak. Enpresa multinazionalen administrazio kontseiluetan burua sartzeko interesa jartzen du lehenik, krisitik irteteko kalitatezko enplegua babestu, aberastasuna banatu eta gure ehun produktiboaren sendotze, berrikuntza eta dibertsifikazioaren aurretik.
Ez dugu zalantzarik akordio honen bidez EAJk estatu paktu bat lortu nahi duela, egoera aprobetxatuz, abantaila politikoak lortzeko. Eta Euskal Herriko edota Kataluiniako herrien burujabetza nahiak alde batera utzi behar badira horretarako, estatuarekin lerrokatzen da lasai asko. EAJren eskaintzak (kupoaren akordioa eta gastuaren sabai-aurrekontuak) egonkortasuna ematen dio PPri datorren legegintzaldirako.
Ustelkeriagatik epaitegietan dagoen alderdi batek boterean egonkortzea ekartzen du, modu honetan gehiengoarentzako murrizketa eta austeridade politikak egitea ahalbideratuko dio, gutxiengo baten onurarako.
Ez da arraroa espainolismo bihozberak EAJren erabakia txalotzea, bilateralitatea kontzeptua goraipatzea eta txaloka galdegitea independentismo kataluniarrari herri honetaz ikastea.