Sindikalismo borrokalariaren taupada berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Endika Perez, Iratxe Delgado eta Josefina Roco 'Txefi', LABeko Ekintza Sozialeko kideak. 2021ko abe. 10a, 09:17

Garai likidoak omen dira gaurkoak. Konpromisoak eta komunitate loturak desegin eta norberekeria nagusitzen diren sasoiak. Badira hogei urte Historiaren amaiera iragarri zigutela.

Egia esan, inoiz ez ditugu bizi izan langile jendearen aldeko haize ufadak. Edo nahi baino gutxiagotan izan dira. Kapitalismo berantiarraren fase honetan, zibilizazio krisiaren zantzuak areagotzen direla dioten gogoetak irakurri eta entzuten dugu han- hemenka. Aldaketa klimatikoak eta krisi energetikoak eragindako kolapso ekologikoaren berehalako mehatxua edo bizitza sostengatzeko lanen merkantilizazioa eta gutxiestea zein lan horiek egiten dituzten emakumeak* ikusezin bihurtzeko joerak izan daitezke zantzuetako batzuk. Baita ere enplegua, etxebizitza, elikadura oinarrizko bizi baldintza bezalako eremuetan ematen ari den prekarizazioa edota gorputzen, herrien eta Ipar- Hego globaleko arrakala. Guzti hauek zein burujabetza eta demokraziaren desjabetze prozesuek, etorkizuna eraldatu nahi dugunontzat arreta eremu dira ezinbestean; baita erronka saihestezinak.

Zurrunbilo honen erdian aurkitzen gara nola ez, Espainia eta Frantziak menpeko gaituzten Kantauri itsaso hegoaldeko lur zatitxo honetan bizi garenak ere. Eta tendentzia globalen erdian bada heldulekurik ez dagoela dioenik, ditugun apurrak estu oratzea beste aukerarik ez dugula. Mezua argia da beraz: dagoeneko dena dago galduta eta gure bizitzen okertzea onartzea dagokigu, ez dago beste aukerarik. Halakoak zabaltzen dituztenen interesak ordea, aski ezagunak zaizkigu, zorionez.

Ez gaude prest iruzurrari men egiteko. Eta badugu gainera egoerari modu aktibo eta eraginkorrean aurre egiteko errezeta(ren zati bat, behintzat): elkartasun antolatua eta babes kolektiborako arma den sindikalismo borrokalaria. Bai. Sindikalismoa. Ez edonolakoa, noski. Osagai ezinbestekoak ditu: kontrabotere den eta borrokalaria den sindikalismo feminista behar du izan, baita klase sindikalgintza, larrialdi ekologikoaren aurrean modu aktiboan proposamenak egiteko gaitasuna duena, bizitzaren prekarizazio, pribatizazio, merkantilizazio eta espekulazio prozesuen aurrean lubaki berriak eraikitzeko etengabeko ahaleginean egongo dena eta bere emantzipazio proiektuan sortu den komunitate horri lotuko zaiona. Guzti honek, gure ustez enpleguaren esparrua gainditu eta aldaketa erradikalak sustatzeko bokazioa duen sindikalismo baterantz garamatza.

Borroka eremu berriak zabaltzen zaizkigu, baita hauetan jarduteko modu berrien beharrizana ere. Kapitalak, bizitza, pertsona eta planetaren bioaniztasuna kolokan jartzen du, deslotuak diruditen arren estrategia beraren parte diren prozesu anitzen bidez. Horregatik garrantzitsuak zaizkigu borroka integrala gauzatu eta gatazka honetan behar bezala jarduteko bitartekoak, eta sindikalgintza tresnetariko bat izan behar dela sinetsita gaude.

Bide horretan, LAB sindikatuan jauzi berri baterako prestatzen ari gara aspalditik. Lau urte dira ekintza sozialeko egitura sortu genuela, egiten ari garen gogoetan oinarritutako antolaketa abiapuntu gisa. Orain, gure ekintza sozio-sindikala, lehen muga handiekin heltzen ginen lekura eramateko proposamena hezurmamituz goaz, komunitatea eta bizitza garatzen diren esparru anitz horietara hain zuzen. Beharrezkotzat jotzen dugu auzo eta herrietan antolatzeko dugun gaitasuna biderkatzea, eta horretarako gure burua birpentsatzen jarraitu eta sindikatua lurraldean hedatzeko apustuari heldu diogu. Ez hori bakarrik; kapitalaren ofentsibaren aurrean, borrokak saretu eta osotasun batetik ulertu behar ditugula sinetsita gaude eta gure kasuan horrek enpleguaren esfera zabaldu eta berau bizi-baldintzei, ekoizpen eta erreprodukzio prozesu, diskriminazio eta metabolismo bio-ekosozialaren ondorio diren zapalkuntza ardatz ugarirekin elkarlotuta eta zeharkatuta ulertzea dakar. Erronka itzelak deskribatzen dituzten hitz handiak dira, eta denbora daramagu horiei aurre egiten eta formula berriak probatzeko saiakeran.

Gauzak horrela, antolaketarako espazio berri bat kokatzeko saiakerari heldu nahi digu, kapitala- bizitza kontraesana oinarri hartuta gure jardun sozio-sindikala eraginkorrago bilakatzeko asmoz. Sorreratik gure sindikatuaren izaera soziopolitikoa, militantziaren inplikazioa eta lantokiaz gaindi ehun sozialarekin izandako lotura estua berezko ezaugarriak izan badira ere, egiten ari garen apustu honek norabide horretan sakondu eta eguneratzeko anbizioa dauka.

Amaiera hitzak baieztapen batekin idazten ditugu. LAB sindikatuan ez gara datorrenari begira geratzen diren horietakoak. Proposamenen garaia da, konpromisoena eta datorrenari aurre egitekoa. Gure gaitasunetatik eta umiltasun osoz, baina batez ere ilusio eta konpromiso zintzotik, gure ustez erabilgarria izango den tresna aurkezten dugu, ekinez alternatibak eratzeko asmoa duena eta batez ere ziklo politiko-ekonomiko-ekologiko eta sozial honetan erantzutera mugatu baino honetan eragin eta eraldatzeko asmoa duena. Abenduaren 11an goizeko 11:00etan, sindikalgintza borrokalariari taupada berri bat eskainiko diogu Bilboko Bidebarrieta liburutegian. LAB sindikatuko ekintza sozialeko komunitatea jaio da. Ez ezazu hutsik egin.