Langileek beren borrokak gidatzen dituzten antolakundea gara, esplotazioaren aurrean erantzuna kolektibizatuz eta lortutako garaipenak klase osoarenak izan daitezen eraginez. Gure ibilbidea hasi genuenetik, hainbat lan-gatazka izan ditugu, eta garaipen esanguratsuak lortu ditugu. Gure lanarekin, gero eta erreferentzialtasun handiagoa lortu dugu, eta hasieratik jaso dugun inplikazioak eta elkartasunak gure
jarduera aberastu dute.
Euskal Herriko egungo egoera politiko korapilatsuaren erdian, non desmobilizazioa eta antolamenduaren atomizazioa orokorra den, LASen esperientziak erakutsi du pentsaera politiko desberdinak dituzten langileen arteko antolaketa posiblea eta beharrezkoa dela, betiere oinarri iraultzaile batetik bada. Hala ere, adierazi behar da akordioa eta oreka ez direla inoiz errazak izan.
Azken hilabeteetan, taldearen estrategia bistaratzeko orduan ezberdintasunak zeudela ikusirik, planteamendu estrategikoari buruz
eztabaidatzea erabaki zen. Eztabaidetan hainbat proposamen eta planteamendu aurkeztu ziren, besteak beste Kontseilu Sozialistan sartzea. Batzarrak proposamena baztertzea erabaki zuen (etorkizunean egon daitezkeen lankidetzei ateak itxi gabe, bere jardunean hainbat kolektibo eta talderekin egin duen bezalaxe), LASen lana eta helburuak garatzen jarraitu ahal izateko. Erabaki hori hartu ondoren, Kontseilu Sozialistako kideek Langile Autodefentsa Sarea uztea erabaki zuten, langile autodefentsa sare berri bat sortzeko asmoa zutela helaraziz.
Hilabeteak daramatzagu iaz hasitako errepresioak eragindako blokeo politikoaren erdian. Espainiako poliziak gure zazpi kide eta kide ohi
atxilotu zituen. Oraingoz, horietako bakoitzak 2 urte eta 9 hilabeteko espetxe-zigor eskaera du, eta guztira 82.000 euroko isuna. Auzipetuen artean gatazka aurrera eraman zuen langilea aurkitzen da, emakume migratua izanik, errepresioaren ondorioak larriagoak bilakatuz.
Eragozpen hauen guztien erdian, eta ondorioz, haietaz baliatuz, Bilboko Kontseilu Sozialistak bere langile autodefentsarako sare berria aurkeztu zuen joan den astean; Langile Autodefentsa Sarea Bilbo. Izen berdina erabili dute beren kolektibo berria sortzeko; gure ustez, xurgatu ezin izan duten lana eta erreferentzialtasuna ezabatu ahal izateko, eta horrek gure praktika politikoan eta defentsa juridikoan dakartzan ondorio larriak alde batera utziz.
Komunikatu honen helburua hausturaren berri ematea eta Kontseilu Sozialistaren Langile Autodefentsa Sarea Bilboren jatorria eta horrek
dakartzan ondorioak argitzea da. Ez dugu eztabaidetan sartu nahi, mesfidantzak eta lehiak baino ez baitituzte ekartzen, eta ez baitute laguntzen goian aipatutako helburu politikoak garatzen.
Argi utzi nahi dugu Langile Autodefentsa Sareak bere lan politikoa egiten jarraitzen duela eta jarraituko duela, langile klasearen borroka
antolatzeko helburuari eutsiz. Gainera, datozen asteetan errepresioaren aurkako kanpainari ekingo diogu berriro. Beste behin ere, langile
klasearen borrokak zuen elkartasuna eta inplikazioa beharko ditu.
Gora langileon borroka!