Limoi zaporekoa izan zen irailaren 7ko eguerdiko berria. Hori koloreko limoia bezain garratza. Batzuentzat (Bilboko Udalarentzat eta hainbeste kexatzen omen diren auzokide horientzat) ziurrenik atsegina; besteontzat, gutxitan sentitu dugun mingotsena. Nire kasuan, Zea Maysek bezala, “enbata dator, ta ni prest naiz” oihukatu behar izan nion nire buruari.
Asteak pasa ahala konturatu naiz, beharbada, gu baino, hori kolorea dela limoia maite dutenek gustuko ez dutena. Kataluniako banderan indarra egin arren, okertzen edo deformatzen ez diren 5 marra zurrunen kolorea, edota 1950eko hamarkadako eta 4 urte bete berri dituen Gasteizko Errekaleor auzo askearen kolorea. Inor ilegala ez dela aldarrikatzen duen Ongi Etorri Errefuxiatuak banderarena, edo alternatibak sortzearen aldeko Gazteok Eraikitzen dinamikarena. Kasualitatea izango da, edo kolorearen sinbologiarekin lotutako zeozer, behar bada.
Kasualitatea izango da ere, Kukutza, Izarbeltz Ateneoa eta Etxarri Gaztetxearen utzarazteen ostean, Deustuko Gazte Lokalaren txanda izatea, noski. Kasualitate hutsa, oraingoan 106 urte dituen eraikina hustu, bota eta etxeak egin nahi dituztela, eta kasualitatea, beste behin ere, Udalak bere burua zentzugabekeriaz betetako argumentuak erabiltzea hori justifikatzeko.
Kasualitateak ez direlako kasualitate, segi biltzen, ortua lantzen, txalaparta jotzen, zurgintza irakasten eta ikasten, hitzaldiak antolatzen, harremantzen, maitatzen eta borrokatzen. Segi hori izaten, kale 'gorrian' bada ere.