30'

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2017ko aza. 1a, 10:08

Kontestuan jarriko zaituztet. Urriaren 12a, gaueko 21.00ak, Bilboko La Salve zubiaren bekaldea. Udaltzaingoa jendea 'ebakuatzen' ari da errepidetik, Castaños auzorantz, zeozer gertatzeko arriskua dagoela diote. 

Guggenheimeko XX.urteurrena dela-eta, Reflections argi eta soinuarekin eginiko proiekzioa ikusteko jende gehiegi bildu da, eta iruditu zaie, hobe dela jendea alde batetik bestera mugiaraztea, ikuskizuna bukatu arte eta gutxinaka hustu arte itxaron beharrean.

Martzanatik Deustura noa, bizikletaz. Beste alderantz bueltatzeko esan didate, eta nik etxera joan behar naizela eta ez dudala buelta osoa emango, albo batean jarriko naizela eta jendea joan arte itxarongo dudala erantzun diet. Udaltzainaren aurpegi txarrari kasu egin gabe, hortxe jarri naiz, hormaren kontra, eta jendea nire ingurutik kexaka pasatzen den bitartean proiekzioaren zati bat ikusi dut. 

Badirudi jendeari gehiago interesatzen zaizkiola argi eta soinuekin egindako ikuskizunak pentsarazteko eginak daudenak baino. Erraz-erraza da; hor plantatzen zara, ikuskizuna ikusi eta “gustatu zait” edo “ez zait gustatu” bezalakoak botatzen dituzu, jendeak “gustatzen zait” edo “ez zait gustatzen” oso erraz formulatzen dituelako. Baina, tira, errua ez diot jendeari botako, niri ere matematikari buruz galdetzen badidate, jakin beharko nituzkeen gauza asko ez dakizkidalako. Ezberdintasuna da, askoz errazagoa dela artisten lana “gustatzen zait” edo “ez zait gustatzen” batekin baloratzea, ulertzen ez dugula onartu beharrean. Ez dugu ulertzen, ulertzeko denborarik hartzen ez dugulako, eta pentsatzeko ezta, noski. Ordu erdiko argiz beteriko ikuskizun bat ikustera joatea nahiago dugulako, eta gero, etxera. Baina, Anish Kapoorren obra bat ikusteko ez dugu sekula ordu erdi hartuko. Eta ordu berean OKELA Sormen Lantegian dagoen Elena Aitzkoa, Damaris Pan eta Claudia Lorenzoren berbaldira joateko are gutxiago.

Horrelakoak “ez zaizkigulako gustatzen”.