Amamarentzako usain hain gozoa duten koloretako te hoiek, lanekoentzat hiriaren irudi batez bilduta dauden bonboiak, ala hobe te-ak ere? Biak hartu, nik ere zeozer eraman beharko diot Turkiako diruzorro hori oparitu zidan lagunari... Eta izekori? Ez diogu ezer eramango? Agian lehen ikusi ditugun bufanda horietako bat...
Oso era anekdotikoan kontatzen du amak Londresera joan ziren lehen aldian, gazteak zireneko garaian, bere lagun batek
Benetton-eko denda osoa erosi zuela, hemen ez zegoelako hain koloretsua zen arroparik. Amarentzat, aitarentzat, nebarentzat, izekorentzat... erosi zituen hori, urdin, berde, larrosak ... ziren kamisetak, prakak, jertseak... "Bilbon oso gauza bereziak ziren, inork ez zeukan hain koloretsua zen arropa, ez zen existitzen horrelakoak saltzen zituen dendarik" dio amak, hozkailurako imanak ordaintzen dituen bitartean.
Urtebete pasa da munduko hiririk politena utzi eta gabonetako oporrak pasatzera etxera etorri nintzenetik (pilo bat souvenirrekin, noski). Erroman, Trasteveren dagoen Calisto tabernan hartzen genituen Peroniak (garagardoak). Giroa polita zen, gaztea, eta garagardoak oso merkeak. Bisitan etortzen zen mundu guztia eramaten nuen Peroni bat hartzera. Garagardo merkeena zen, eta polemikak alde batera utzita, gazte gehienek edaten genuena.
Horregatik tristetu nintzen hemen, etxeko tabernetan, Peroniak saltzen hasi direla esan zidatenean. "Eh! Lau! Badakizu hemen ere Peroniak saltzen dituztela? Joan beharko gara bat hartzera" bota zidaten, ilusioa egingo zidalakoan.
Jendeari ilusioa egingo dio Alemanian ospatu baino, Deustun bertan October Fest-a ospatzeak. Edo Estatu Batuetan Bilboko baldosak saltzeak. Edo Londresen "Bacalao a la Bizkaina" jateak. Gutxi barru, Olentzero eta Mari Domingi ere pasako dira Erromatik, eta Mari Jaiak Peruko oihalekin egindako gona eramango du.
Nik argi daukat, Peroni bat edan nahi badut, Erromara bueltatuko naiz.