Elsa

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2018ko ots. 5a, 09:21

Kuriosoa da. Arte Kontenporaneoa ikasten duen edonorentzat da berezia Marcel Duchamp.

Montmartren bizitza erdia eman zuen artista honenak dira garaiko konbentzionalismoekin apurtu eta arteari ikuspegi berri bat eskainiko zizkioten ready-made (“dagoeneko egina”) obrak. Gizon honek jarriko zuen lehen aldiz txizatoki bat esposaketa areto batean, bera da arte kontzeptualaren aitzindarietako bat. 

Baina, kuriosoena ez da hori. Kuriosoena da Marcel Duchampen obra garrantzitsuenetariko horren atzean dagoen istorioa.

Badirudi, hain ezaguna den eta arte kontzeptualaren aitzindari zuzena den Txizatoki obra ez dela Duchampena, 1874. urtean jaio zen (eta izen idatziezina duen) Elsa Von Freytag-Loringhovenartista dadaistarena baizik. Elsa garaiko emakume probokatzailea zen, poeta, margolari, eskultore eta performance egilea. New Yorken bizi zenean ezagutu zuen Duchamp, eta 1917an sortu zuela Txizatokia.

Esan beharrik ez dago, historiako liburuetan horren egile zuzena Marcel Duchamp dela. Ez dago Elsa Freytagen arrastorik inon. Bere buruaz beste egin zuen eta “zoro zegoen” emakume honen arrastorik ez. Yoko Ono John Lennoni esker famatu egin zela esaten duten berdinek idazten omen dituzte liburu horiek, baina tira, hori beste gai bat da. Kontua da, iritziak iritzi, Duchamp berak 1917an bere ahizpari idatzitako gutun batean onartzen duela bere lagun batek txizatoki bat bidali ziola Artista Independienteen Erakusketan esposatzeko. Eta hor dago Elsa.

Kuriositateak gustatzen zaizkit, zapalkuntzak ez. Horregatik jantzi dut gorila kareta asteburu honetan. Etorkizunean Elsa bezalako emakumeak historiako liburuetan agertzea nahi dudalako. Emakumeok artista bezala gure burua ahalduntzeko unea aspaldi heldu zelako, eta “ez direlako egon” botatzen duten irakaslerik gabeko hezkuntza artistikoa merezi dugulako. Gure lanagatik merezi dugun errekonozimendua jasotzeko garaia delako, esposaketa aretoetan, museoetan eta historia liburuetan egon direnen izenak agertzeko garaia.

 

Langile, artista, militante … EMAKUME izateagatik zapaltzen gaituzte! GORILA MASKARAREKIN EDO MASKARARIK GABE, IZAN GAITEZEN GERRILLA GIRL!