92 egun eta 18 ordu iraungo dituen udaberria, udaren hasierarekin batera hurrengo urtera arte berriro bueltatuko ez dena. Udaberria. Haziak loratu eta hondartza eta mendia jendez betetzen dituena. Aste honetako egun eguzkitsu bezain politak dakartzan udaberria. Jendea alaitzen duena, eta kaleaz gozatzea zein ederra den gogorarazten diguna. Egun luze eta argitsuak oparitzen dizkigun udaberria, alergikoek gorroto dutena.
Martxoaren 20an hasi da aurten udaberria Euskal Herrian, eta sasoiak eta umorea aldatuz doazen heinean, gure loreek sufritzen duten jazarpena duela 20, 50, 60, 100 udaberri atzera zegoena bezalakoa da. Batzuek, gure loreak zimeldu nahi dituzte, zapaldu. Ez zaizkie kolore anitzeko loreak gustatzen, plastikozkoak nahiago dituzte. Zaintzarik behar ez dutenak, ez urik, ezta hedatzeko sustrairik ere. Hasi egiten ez diren loreak, zurtoin zurruna daukatenak, denborarekin alde batera edo bestera okertzen ez direnak.
Baina guk, guk bestelako loreak ditugu gustuko. Koloredunak, errebeldeak, egun batetik bestera loreontzitik ateratzen direnak. Begi bistan politak ez direnak, ileak dituztenak, alde batera zein bestera okertzen direnak. Bakarrik edo multzotan hasten direnak, berdeak, gorriak, laranjak, moreak. Mendian libre hasten diren loreak, inon erosi edo saldu ezin direnak.
Martxoaren 8an hasi da aurten udaberria. Martxoaren 8ko 11.00etan, zehazki. Egun horretan milaka lore berri loratzen hasi ziren. Eta nahiz eta pertsona edo instituzio askok plastikozkoak nahiago, geldiezina da aurtengo udaberria. Ez dauka iraungitze datarik, honen ostean ez da udarik, udazkenik edo negurik egongo. Tinko jarraituko dute loreek, elkar zaintzen, hazten, loratzen. Tinko plastikozko lorez beterik dagoen mundu honetan.
Ongi etorri udaberrira!
_intereserako estekak: