Ur Artea 1988an sortu zen “auzoaren bizitza soziala dinamizatzeko asmoz”, azaldu digu lehen urteetan hezitzaile gisa ibilitako Cristinak. Halere, “berehala umeen aisialdira bideratu zen”, eta “gizarte-hezkuntza bultzatu nahi zuen Bilboko Udaleko proiektu batekin lotu zen”. Ludikoaz gain, hezkuntza-izaera zuten ekintzez haratago, eskola laguntzarako tailerrak eta prozesu pertsonalerako lanketak egiten hasi ziren ondorioz.
Urte horietan, ume asko zeudenez, asteko egun guztietan egiten ziren ekintzak, adinaren arabera astelehenetik ostiralera eta ume guztientzat asteburuetan. Begirale guztiak boluntarioak ziren eta erdiak psikologo edo hezitzaileak. “Auzoari bizitza ematen ziona zen”, dio Cristinak, “elkargunea”. “Ekintzaren bat antolatuta ez bazegoen ere, jolasak hartu ahal genituen, eta asteburuetan bideoteka eta ludoteka zegoen”, gogoratu du ume eta ostean begirale izandako Jonek. “Ume asko biltzen zituen proiektua zen”, “uneoro zabalik zegoena” kontatu dute.
Bilakaera
“Haur eta begirale kopuru aldetik momentu txar bat izan genuen, eta hor estrategia birplanteatu genuen; ekintzak asteburuetan bakarrik egiten hasi ginen”, azaldu digu garai horretan begirale izandako Ikerrek. Urte horietan, “Ur Artea zabaldu zen, gurasoen, familien eta auzokideen parte-hartzea bultzatuz”, eta ondorioz proiektua hedatzen hasi eta “jende gehiago hurbildu zen”. “40 ume eta sei-zazpi begirale ginen eta era askotako ekintzat burutzen genituen”, dio Ikerrek, “hala nola, inauteriak eta jaiak ospatu, udalekuak, mendi irteerak, asteburupasak… nolabait, auzoari bizitza ematen ziotenak”.
Erronka berriak ere jarri zizkioten taldeari, adibidez, “euskara hutsean funtzionatzea”, nahiz eta helburua hasierako berdina izan. Ikerren esanetan, “Erriberako errealitate sozio-ekonomikoa aldatzeak Ur Artea eraldatu zuen, baina idearioa eta helburua berdinak ziren; umeekin aritzea eta hezkuntza era ez-formalean gauzatzea”.
Unerik berezienak oroitu dituzte gero, eta ados daude hirurak “hainbeste urteren ostean bat aukeratzea ezinezkoa da”. “Hasierako momentua oso polita izan zen, zerotik proiektua eraikitzen hasi ginenean, auzoak zer behar zuen, zer egin nahi genuen hausnartzen eta erabakitzen“, dio Cristinak. “Horrek batu gintuen, auzotik eta auzoarentzat ume eta gazteentzako espazioa sortu baigenuen”, gehitu du Ikerrek. 1993an antolatu zituzten lehen udalekuak “oso bereziak izan ziren”, aipatu dute, “lehen aldia baitzen Erriberako 40 haur eta gazte kanpora zihoazela 10-15 egun etxetik kanpo pasatzera”. “Dena den ekintza ugari egin ditugu”, eta “denak izan dira bereziak”, aitortu dute.
Agur-jaia
30. urteurrena ospatuko dute maiatzaren 19an, eta horrekin batera proiektuaren agur-jaia. Lehen urteko inaugurazio jaian bezala, “piraten abordaia izango da tematika”.
“Lehen Erriberan elkartzeko espazio bat zen Ur Artea, oso garrantzitsua, hori baino ez zegoelako. Gaur egun, mila gauza daude; gizartea aldatu da”, azaldu digu Jonek. Azken urteetan “dinamika gutxiago eta ekintza gutxiago egon dira”, eta “Ur Artea hiltzen joan da”. Gizartearen beharrizanen aldaketaz gain, ume eta begiraleen kopurua izan da urte hauetan taldea desagertzeko arrazoi nagusienetako bat, “taldea auzoko jendearekin hornitzen delako, eta begirale faltak, hein handi batean, amaiera hori suposatu duelako”. “Aukera asko sortu dira”, nabarmendu du Jonek, “eta lehen hau bakarrik geneuzkan”, gehitu du.
Horrenbestez, “proiektua airean ez geratzeko eta 30 urtez egindako lanaz ez ahazteko” egun osoko egitaraua prestatu dute maiatzaren 19an, ume eta begirale izandakoentzat, gurasoentzat eta auzoarentzat “jolasak, herri-bazkaria, gala...” izango dituen eguna. “Emozio handiz antolatzen ari garen eguna da”, dio Ikerrek. “Ur Arteak auzo bezala batu gaituelako, taldeari esker denok elkar ezagutzen garelako, eta gaur egun harreman estua dugulako”, gehitu du Jonek.
Etorkizunari buruz ere mintzatu gara, eta baikor daude hirurak: “Hezkuntza ez-formaleko proiektu bat sortzeko beharra auzo eta herri guztietan dagoelako eta umeen belaunaldi berri bat dagoelako Erriberan”. Beraz, ez dute baztertu proiektua etorkizunean “beste era batean” birsortzeko aukera, “auzoa oso bizirik dagoelako momentu honetan”. Halere, garrantzizkotzat jotzen dute “gaur egungo egoera kontuan hartzea” eta “beharrizan berri horiek identifikatzea”.
Ondo pasatzeko nahia, gogoa eta ilusioa bidelagun izan dituzte 30 urte hauetan, eta auskalo zer datorren. Hurrengora arte Ur Artea!