“Borrokaz, elkarlanaz eta maitasunez” beteriko hamar urte hauetan “asko izan dira bidean aurkitutako trabak”, diote Pare Deustuko Gazte Talde Feministako kideek.
Hala ere, “taldea uneoro indartsu egoteko” eta haien “buruak ahalduntzeko” helburua bete dute. Horrenbestez, urte guzti hauetan bizitakoa ospatzeko urteurrena prestatu dute hemendik eta urte bukaera bitartean.
Urria, azaroa eta abendua hitzaldiz, ekintzaz, tailerrez eta ospakizunez beteko dituzte Deustuko neska gazteek. “Gogotsu eta emozionatuta” agertu dira datorrenarekin. Momentuz, urriko egitaraua baino ez dute zabaldu.
Hile horretarako bi ekintza antolatu dituzte: urriaren 4an urteurrenaren aurkezpena eta PARE 10 URTEZ dokumentalaren estreinaldia, eta urriaren 9an Tupersex tailerra.
Urriaren 4koa Done Petri plazako frontoian izango da 19:45ean, eta ostean luntxa egongo da Gazte Lokalean. Dokumentalean Pareren hamar urteko ibilbidea kontatuko digute taldean egondako emakumeek.
Tupersex tailerrerako izen-ematea, ordea, urriaren lehenean bukatuko da. Interesa daukan orok deustuparekiderantz@gmail.com e-postaren bidez eman behar du izena.
Gainontzeko hilabetea libre utzi dute, Emakumeen Mundu Martxa dela eta Bilbon ekintza ugari egongo direlako: XI. Nazioarteko Topaketa Bilbon urriaren 22tik 28ra eta Feministon Herria urriaren 27an.
Urteurrena irekia izatea da haien helburua, eta jendeak beldur eta lotsarik gabe parte hartzeko deia luzatu dute: “Deustuarroi eta parte hartu nahi duen edonori zuzendutako urteurrena da, ekintza interesgarriz betea. Jendea parte hartzera guztiz gonbidatuta dago, animatu!”.
Informazio gehiago: deustuparekiderantz@gmail.com // @PareDeustu