Aurreko ostiralean, dena den, bidegorritik hosto handienak eta zaratatsuenak bilatzen egon baino, ostegunean Oktoberfest karpatik atera zirenen kristalezko edalontzi apurtuak saihesteko ahaleginetan eman nuen bidearen hasierako zatia. Parkera sartu eta berehala somatu nuen kiratsa, zabor bilakatzen joan zen karparen kanpoaldetik eta Deustuko zubirako bidean. Kristalezko edalontziez gain, lurra plastikoz, lata hutsez, botilez, eta abarrez josita zegoen.
Eta orduan, Aste Nagusiko lehen igande goizean izan nuen turnora heltzean ikusitakoa gogoratu eta buruari eragin nion. Zein zentzudunak garen etxean, lagunekin bazkariak egitean, asteburuetan kuadrilarekin nonbaitera joatean, udalekutan gauza bakoitza non bota behar den eztabaidatzen dugunean… eta zer zentzugabeak gauean. Gaua; inork ezer esan gabe, sudur puntan jartzen zaizuna egin dezakezun momentua, gehienetan alkoholari errua botata, noski.
Berdin du, “nahi gabe” edaria gordetzeko erabiltzen ditugun Eroskiko poltsak lurretik botata uzten baditugu. Berdin du, behin gaua bukatzean, gau osoan berrerabili dugun edalontzia lurrera botatzeak, edalontzi horien oso alde gauden arren etxean mila ditugulako. Berdin du lurrean jesartzeko lekurik onena, lehorrena eta garbiena bilatu ostean, busti-bustita eta plastikozko gauzez beteta uzteak. Berdin du, noski, kontainerrak jartzen diren arren, hurrengo egunean norbaitek gure zikinkeria alfonbra garbitu behar izateak. Berdin du gaua eta jaia delako, eta gauean eta jaietan nahi duguna egin dezakegula sinestarazi digutelako.
Bada garaia jai eremuak birplanteatzeko, sistematikoki erreproduzitzen ari garen eta egunean zehar gustatzen ez zaizkigun jarrera guztiak birpasatu eta gauetan, jaiguneetan aplikatzeko. Bada garaia ezjakinarena egiteari uzteko eta benetan, gure jai herrikoi, parekide eta euskaldunak eraikitzen hasteko; herritik, parekidetasunetik eta euskaratik.
Bada garaia…