Eskolan, eguzkia hori kolorekoa dela esaten zidaten nik arrosa margotzen nuenean, eta gorputzek, bi hanka, bi beso eta buru bat dutela errepikatzen zuten behin eta berriro. “Ze polita zure marrazkia”.
Aspaldi ulertu nuen sormena ondo margotzea edo ordenagailuko programa guztiak erabiltzen jakitea baino gehiago dela. Mundu paralelo bat, non nahi duzun eran jolastu dezakezun, arau, irabazle eta galtzailerik gabe.
Aspaldi ulertu nuen zein zaila den orri zuri baten aurrean zure burua non koka dezakezun hausnartzea. Orri zuria entzutea, sentitzea, berarekin hitz egitea. Edo zuria ez denean ere, ulertzea eta barneratzea.
Aspaldi ulertu nuen, nire buruari eskatzen diodan produkzio erritmoak nire baitan bizirik irauten saiatzen den sormena suntsitzen ari zela, eta gehienetan, besteen onarpenen beldurrez eraikitzen nuela. Egin eta egin. Egin eta bukatu. Eta atzorako bada, hobe, horrela agendan betebeharrak zeharkatzen dituen marra luze bat jarri ahal izango duzu.
Eta, aitortuko dizuet, ez dago hori baino gauza tristeagorik.
Ikasiko dut, lehenik eta behin, ezetz esaten. Gero, nire burua entzuten eta ulertzen. Azkenik, besteoi barnean dudan amorrua azaltzen.
Eres más rara que un perro verde.