Urruneko jendetzaren hotsak eten zituen bere pentsamenduak, eta jarraian etorri zen suziriaren zaratak. Gol. Errekaren beste aldetik entzun zen burrunbada, eta zigarroa erretzen ari zirenek lurrera bota eta korrika sartu ziren tabernan, lagunekin hainbeste poz dakarren instant hori ospatzera.
Baina berarentzako, zoriontasun momentu horrek ez zuen ezer suposatzen, eta inoiz bere interesa piztu zuen suziriak deitu zion arreta. Nonbait, bazen norbait, telebistari begira eta unea heltzean, kalera atera eta eskuartean 90 minutuz prest izandako gailua piztu eta zerura botatzen zuena. Bazen norbait, partidaz partida poz une horren zain zegoena, bere lana noiz gauzatzeko irrikaz.
Ipotx baten antzera irudikatu zuen norbait hori, bazterren batean kokatua zegoen ate txiki batetik korrika atera eta poxpolo baten laguntzaz suziriak pizten. Beharbada, galtzagorrien antza izango zuen, bere kamiseta marraduna jantzita eta txapela buruan.
Momentu horretan konturatu zen, hainbeste gorroto zuen gauza horrek, bazuela, bere harridurarako, polita gertatzen zitzaion misterio kutsu bat.