Nire kuriositateari eutsi ezinik irakurzaleok oso barneratuta dugun keinua egitera eraman ninduen berehala (kontrazalean, liburuaren barruan aurkituko dugunaz hitz egiten duten lerro horiek irakurtzeaz ari naiz) eta liburua gurasoei zuzenduriko “laguntza” liburu bat zela ohartu nintzen, guk, gazteok, zer izaten dugun berbagai zer autu darabilgun eta horri zer erantzun mota eman behar dieten hizpide zuena. Nahiko arraro/berezi sentitu nintzen orrialdeak begiratu ahala nik izan ez dudan mintzagairik topatu ez nuenean. Beraz, nire aportazioak egingo ditut.
Guk, gazteok, eta pluralean hitz egitera ausartuko naiz, lanaz hitz egiten dugu. Askotan konparatzen ditugu gure soldatak, inorenak 1000 euroak gainditzen ez dituela ez hain prekario sentitzen laguntzen digulako, nahiz eta jakin badakigu, soldata horrek ez duela praktikari edo bekadun gisa egiten dugun lan guztia (askotan besteek egin nahi ez dutena) ordaintzen. Etorkizunaz eta galdu “ezin diren” aukerez hitz egiten dugu eta gure bizitza, gizarteak erakutsi digun lez, planifikatzeaz.
Guk, gazteok, etxebizitzaz hitz egiten dugu, ordaindu ezin diren alokairuez (lehen puntua kontuan hartuta) eta bakarrik bizi edo ez bizitzearen abantailez zein desabantailez. Horrenbestez, bizitza erritmoaz ere hitz egiten dugu, kirola egiteko edo aspalditik bukatu gabe utzi dugun hori bukatzeko zailtasunak mahaian jartzen ditugu eta ezertarako denborarik ez dugula argudiatzen dugu.
Guk, gazteok, gure maitatzeko eraz hitz egiten dugu. Hau eta bestea, biekin harremanak izan nahi ditugulako, inori azalpenak eman gabe. Beharbada gaur mutil bat eramango dudalako etxera, eta bihar, berriz, emakume bat. Beharbada ez dutelako ulertuko gure bikotearekin bost urtez egon ostean inolako azalpenik gabe harremana uztea eta beste norbaitekin oporretan joatea. Beharbada txikitako adiskide horren laguna izateari noiz utzi genion behin eta berriro galdetuko dutelako, erantzuna guk ere ez dakigula konturatu gabe.
Guk, gazteok, politikaz eta militantziaz hitz egiten dugu. Hemen izan dudan bileraz eta bihar dugunaz. Gure lanak benetan zer edo zertarako balio duela sentiarazten digun espazio horretaz hitz egiten dugu, edo injustizietaz. Beldurraz ere hitz egiten dugu maiz, eta lan desorekaz edota eguneroko bizitzen ditugun botere harremanez.
Guk, gazteok, zuek, helduek hitz egiten duzuen gauzen inguruan hitz egiten dugu. Komunikatu gaitezen behingoz.