Aldatu da

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2019ko urr. 16a, 18:56

Irudia: Maia Boakye

Bizitza aldatu egiten da eta egokituz goaz. 

Bartzelonara ikastera joandako lagunak lana topatu du eta bertan geratu da beste denbora batez. Uda lanean pasatu duenak udazkena lasaiago hartu du eta badirudi bidaiatzeko tartea ere atera duela. Batek Eibarrera bizitzera joatea erabaki du eta ingelesa ikasten duen bitartean, bi neska-mutil zaintzen ditu besteak. Medikuntza ikasleak Madrilen jarraitzen du (duela hiru urte joan zen) eta fisioterapeuta dena lan eta lan dabil, bere bidea eraikitzen. Beste batzuek ikasten jarraitzen dute, bata doktoretza, Arrasateko biztanlean duguna astean zehar, eta besteak, partikularren erreginak, tartea bilatzen du militatzen duen bitartean. Hirugarrena praktikak egiteko bidean dago eta, azkenean, azkenean lortu du ondoan zuen mamu jasangaitz hori mendean hartzea. Gainontzekoak hara eta hona dabiltza, eta egia esan ez dakit oso ondo zertan.

Nik ordutegi luzeak dituen lana topatu dut, urtebetez izandako bizitza erritmo gorabeheratsua egonkortzeko eta, batez ere, lasaiago bizitzeko aukera eman didana momentuz. Laster, ama eta aita bakarrik utziko ditut etxean eta beste hainbat proiektu bukatu eta nire bidean egiten jarraituko dut, aspaldi aukeratu nuenari leial. Kirolak burua libratzeko eta egun txarretan gorputzak erantzuteko balio didala konturatu nintzenetik, gero eta gehiago egiten dut eta lortu dut, bai, lortu dut, zer edo zer egin nahi ez dudanean ezetz esaten ikastea. Militatzen jarraituko dut, nahiz eta agur esan diodan nire bihotzeko txoko batean gordeta eramango dudan talde polit horri, eta, bai, zakarrontzira bota ditut gelan gordeta nituen eta ezertarako balio ez zuten gauza asko. Nagusitu egin gara, bai, baina nahiago dut bizitza aldatu zaigula esan, gazte eta indartsu jarraitzen dugulako. Konturatu ez arren, beharbada, inoiz baino ahaldunduago gaude. 

Jarrai dezagun bidea eta egin dezagun elkarrekin, zaila bada ere.