Sentitu, pentsatu, ekin.

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2020ko api. 16a, 00:55

Urduri sentitzen naiz. Zer datorren ez dakidalako. Urduri eta beldurtuta, ondokoak gaixotzearen beldurrez. Beldurrez eta saminduta, egoera hau jasangaitza delako.

Samina eta tristura, jendea pasatzen ari denaz jabetuta. Tristura eta emozioa, laguntzen ari diren auzokideenganako miresmena. Emozionatuta eta eskertuta, infernuan ere lan egiteko kapazak garela erakusten dugulako egunero. Eskertuta eta borrokalari, irabaziko dugulako. Bai, borrokalari sentitzen naiz, jaiki eta berriro ohean sartzen naizen arte, egoerari nire lasaitasun handienarekin aurre egiten ari naizelako.

Pentsatzen dut laster guzti hau bukatu eta berriro irribarretsu ikusiko ditudala gertukoak. Edo pentsatu nahi dut, hobeto esanda. Pentsatu nahi dut hau guztia irakaspen bat baino ez dela, berekoiak ez izateko balioko diguna, eta besteon azalean jartzea zer den erakutsiko diguna. Pentsatu nahi dut indartsu(ago) egingo garela guzti honekin, eta azaleratu diren arazo guztiak konpontzeko lanean hasiko garela behingoz.

Baina, sentitzeko eta pentsatzeko baino, ekiteko garaia da. Inoiz baino sare indartsuagoak jozteko garaia. Kapitalismoaren kontra borrokatzeko garaia. Etxetik, kaletik, lan egiteko garaia. Ondo maitatzen eta hobeto maitatuak izaten ikasteko garaia. Bakardadean hazteko garaia, eta kolektiboan pentsatzeko garaia. ZAINTZEKO garaia.

Ekin diezaiogun.