Aurreko astean ez nituen lotzeko txankletak erosi eta hauekin konformatu beharko naiz jakinda aurreko urtean bizkarra apurtzeko zorian egon nintzela errekan. Ai ama! Baina zelan pasatu da hain arin arratsaldea? Gaueko 23.00ak dira eta oraindik ilea garbitu eta biharko bazkaria prestatu behar dut! Bada, begiraleei erosketa egitera doazenean edozer gauza erosteko eskatuko diet. Eta nezeserra? Gaur motxilan sartzen badut bihar hortzak garbitzeko berriz atera beharko dut...
Espero baino pena handiagoa eman dit gurasoei agur esatea. Eta ez banaiz gai bi astez haiek gabe egoteko? Behintzat lagunen talde berean egotea espero dut. Eta lekak dauden eguna heltzean, zer? Beharbada tripa gaizki dudala esaten badut utziko didate ez jaten… Dena den uste dut behin bakarrik emango dizkigutela lekak bazkaltzeko, aurreko urtean ere behin bakarrik egon zirelako. Espero dut aitak igeri egiteko betaurrekoak maletan sartu izana, bestela ezingo dut igeri egin. Eta logelan bakarrik geratzen banaiz? Nire ikasturtekoekin baino, hobeto konpontzen naiz ni baino bi urte gazteagoak direnekin…
Uste dut zorriak ikusi ditudala. Zer egingo dugu? Umeek elkarrekin egiten dute lo egunero! Bihar farmaziara joan eta zorriak kentzeko orraziak erosiko ditugu, ia aurten zorriak ekiditea lortzen dugun… Eta biharko arraina? Hizozkailutik atera beharko genuke, ez? Igerilekuko soroslea nirekin haserretu da umeak plantxa txapelketa egiten ari zirelako, baina ez zait horrenbesterako iruditzen, ikaragarri gustatzen zaie plantxa txapelketa egitea. Oso nekatuta nago, bost minutuz ohean sartuko naiz arratsaldeko ekintza hasi baino lehen…
Espero baino hobeto nabil gurasoak gabe, lagunekin lo egiten eta pistinan jolasten. Bihar mendi irteera dago eta begiraleek sorpresa dela uste duten arren, badakigu eskalatzera joango garela. Ze ondo! Horrelako gauzak hemen bakarrik egiten ditut… Atzo beste taldekoek erronka bat bota ziguten eta gau osoa eman dugu zelan bete pentsatuz. Uste dut biharko gosarian altxatu eta abestuko dugula. Azken eguna geroz eta gertuago dago, baina ez dut etxera bueltan joan nahi, oraindik ez ditut eskatu dizkidaten pultserita guztiak egin…
Gaueko bilerak gero eta luzeagoak dira baina gaur gauean barre asko egin dugu. Pena ematen dit nekeak nahia irabaztea, baina sukaldean lo geratu naiz lehen, ohera alde egin behar dut… Bihar eskalatzera goaz eta umeentzako sorpresa da, ziur pila bat gustatuko zaiela. Etzi azkenengo eguna eta piropoak idatzi nahi dizkiet nire taldeko ume guztiei! Ez dit denborarik emango…
Zelan lortu zuen amak lo sakua poltsa txiki honetan sartzea? Begirale bati laguntza eskatuko diot eta bestela eskuan eramango dut! Bustitako bainujantzia motxila txikian sartzen badut dena bustiko zait baina tira, ez daukat denborarik pentsatzeko, azken futbol partida jolastera joan nahi dut eta horretarako maleta lehenbailehen prest utzi behar dut… Ahizpari aurreko egunean erakutsi zidaten jolasa irakatsi behar diot, pila bat gustatuko zaio! Eta hemendik aurrera etxean mermelada nahi dut gailetekin gosaltzeko… Ez dut etxera joan nahi!
Ondo, oso ondo portatu dira. Betiko gauzekin baina primeran egon gara! Bai bai, orain lotara, hori da. Baina afaria eta juergatxoa ere egingo ditugu gaur, la ostia garela eta udalekuak aurrera ateratzea lortu dugula ospatzeko! Zorriena? Azkenean ez zen horrenbesterako izan… Norena da sudadera hau? Nork ahaztu du esterilla? Aizue! Zer egingo dugu sobratu den frutarekin? Ze ondo etxean, komun garbia, nire txanpua… Ze ondo joan diren udalekuak eta zenbat pultserita egin dizkidaten. Labadora jarri behar dut…
IKU, IKU…