Burua hamazortzi mila gauzetan izan ohi dut eta errutinaren morroi, etxeko lanekin, proiektu pertsonalekin, militantziarekin eta egin beharrekoekin betetzen dut eguna. Goiz esnatu eta ohean sartzen naizen arte “culo inquieto” baten antzera pasatzen ditut orduak hemendik hara, korrika askotan eta gauzak ahalik eta ganora gehienarekin egiten ahaleginduz. Telefonoari pegatuta bizi naizela onartzen dut ere, deiak jaso, jendearekin hitz egin, erabakiak hartu eta garai hauetan, lana aurrera ateratzeko.
Baina, badut bizirauteko sekretu bat.
Bai, bizirauteko sekretu bat da. Astelehenero burua erronkaz bete ahal izateko sekretu bat. Arnasa hartzeko sekretu bat. Telefonoaren beharra ez izateko sekretu bat. Militantzian pentsatzeari uzteko sekretu bat. Etxeko lanetaz ahazteko sekretu bat. Inguratzen nauen guztia gelditu eta buruari bizitza bakarra eta duina izan behar dela gogorarazteko sekretu bat. Bizirik sentiarazten nauena. Nire gorputzaz jabetzen laguntzen nauena. Libre sentiarazten nauena.
Sekretu hori, mendia da.