Kirolaren pandemia

Erabiltzailearen aurpegia Laura Freijo 2020ko aza. 23a, 16:45

Inoiz ez naiz bereziki kirolaria izan. Txikitan, zer egitea gustatzen zitzaidan galdetzen zidatenean, normalean “margotzea” edo “bidaiatzea” bezalako gauzak erantzuten nituen. “Eta, kirolik egiten duzu? Zein da zure gogokoena?” galdetzen zidatenean, nik, zalantzarik gabe, “eskiatzea!” erantzuten nuen jendearen harridurarako, adin horretan, saskibaloia, futbola, edo horrelako gauzak erantzutea ohikoena zelako. 

 

Bada, askori gertatu bezala, sofatik altxatu gabeko nerabezaroaren ostean, eta burua miloika gauzetan murgilduta eta eskapatu ezinik izan ostean, kirola egiten hasi nintzen berriro, gaur arte. Egun, galdera berdina errepikatuz gero, “kirolik egiten duzu? Zein da zure gogokoena?”, nik “yoga, korrika, txirrindularitza, eskia, mendia, igeriketa, spining-a…” erantzungo nuke. Nire egunerokotasunean guztiz murgildurik dago kirola, burua lasaitzeko eta beste ezertan ez pentsatzeko balio baitit, egunez egun. Erronka berriez gozatzea eta nire gorputza ezagutzea helburu, elikadura osasuntsu eta burujabearen amorratua naiz, eta askok obsesionatuta nagoela pentsatzen duten arren, niri horrek zoriontsu egiten nau. 

Zorionez (eta bai, zuen harridurarako zorionez diot), pandemia honek jendea kirola egitera eta bere gorputzak zaintzera bultzatu du. Geroz eta gehiago dira paseoan edota naturaz gozatzen egunak pasatzen dituztenak, eta horrek, haserretu baino (aitortu beharra dut noizbait mendia, lehen ez bezala, jendez gainezka dagoelako kejatu naizela) poztu egiten nau. Pozten nau lagunekin ibilbide ezberdinez gozatu ahal izatea eta pozten nau kalea beteta ikusteak. Uste dut, gutxinaka, aire librean egotea zer den baloratzen ikasten ari garela (nahiz eta igandero poltsikoak lurrean aurkitutako plastikoz beteta bueltatzen naizen etxera), pandemiaren ondorioz.

Beraz, krisi sakon hau igarotzea lortzen dugunean, jarrai dezagun gozatzen kirolaren pandemiaz.

Zaindu gaitezen.