Ergatiboa alde batera utziko dut momentuz, eta euskara eta jaien inguruan mintzatuko naiz oraingoan, aste honetan, zoritxarrez, gure auzoa zein erdalzalea den gogorarazi didatelako behin baino gehiagotan. Deustuko Jai Batzordeak iruzkin desatseginak jaso ditu Facebooken egitaraua soilik euskara argitaratzeagatik. Hau da, aurtengo egoera berezi honetan zailtasun handiz antolatutako egitaraua irakurtzean, gustura, pozik eta gogoa agertu beharrean, gure hizkuntza erabiltzeagatik epaitu eta gutxietsi gaituzte, gure lana kontuan hartu gabe. Kritikak, noski, inolako hausnarketarik eta arrazoirik gabekoak izan dira.
Egia esan, ez dakit zerk ematen didan pena handiagoa: Deustu nagusiki erdaldun izateak ala jendeak Facebook bezalako plataformak erabiltzeak denaren gainean iritzia emateko; absolutua eta bakarra balitz bezala, errespeturik gabe, gehienetan.
Jarrai dezagun jaiak herritik eta herriarentzat egiten, feministak eta euskaraz. Hori gabe, jairik ez!