Negozioa zara Bilbo

Erabiltzailearen aurpegia Leire Aranburu 2024ko abe. 5a, 08:49

Gero eta handiagoa da etxebizitzarekiko kezka gizartean, gero eta larriagoa baita jasaten ari garen egoera. Kapitalismoak berezkoa du basakeria, eta gure hiria ez dago hortaz salbu. Etxebizitza, bizitzako beste esparru guztiak bezala, merkatutik salbu ez dagoen gisan.

9.141 etxe huts ditugu Bilbon, baina politikari profesional eta enpresariek diote etxe faltan gabiltzala, eta, beraz, horren konponbidea etxe gehiago eraikitzean datzala. Horrela, eraikuntza ziklo berri bati hasiera eman nahi diote, eta etxebizitzarekin espekulatzen jarraitzeko testuingurua sustatu nahi dute. Horren adibide dugu NEBEXTek, higiezinen sektorean arrakasta enpresariala saritzen duen erakundeak, Bilbori Zorrotzaurreko proiektuagatik eman dion nazioarteko saria: inbertsio inmobiliarioaren munduko hiriburu izendatu dute.

Bilboko Manhattan gisa ezagutzen duguna, etxebizitzak eraikitzearen kontura aberasteko proiektu bat da finean. Lur batzuen jabetzak Amenabar eta Urbas promotoreei saldu zizkien Bilboko Udalak, eta, Urbasek, beranduago, M&G Real Estate europako funtsari saldu zizkion bere esku zituenak. Azpimarratzekoa da, eraikiko dituzten 5.000 etxebizitzetatik soilik 1.371 izango direla Babes Ofizialekoak, eta horietatik 772 Amenabar eta M&G Real Estate funtsaren esku egongo direla.

Asko izan dira azken 30 urteotan eraikuntza enpresa eta instituzio publikoen arteko azpijokoak, ate birakariak eta jabetza pribatuaren kontura aberastu diren politikari eta enpresariak. Oteizak, arrabola batekin kolpatu omen zuen buztin zati bat Zorrotzaurreko maketa sortzeko; metafora ederra utzi ziguna, orain, politikari eta enpresariak baitira hormigoi kolpez hondoratu nahi gaituztenak.

Edonola ere, Zorrotzaurre ez da Bilbon daukagun espekulazio inmobiliarioaren eredu bakarra. InmoCaixak 2012an hainbat lur eskuratu zituen Zorrotza eta Bolueta auzoetan, eta urteak daramatza bertako bizilagunak kaleratu nahian. Hasiera batean etxebizitza sozialak errentagarriak zitzaizkien, baina, egun, bertako familiak kalera bota eta etxebizitzak gelaka saltzeari ekin dio. Lehen pisu batengatik irabazten zuena, orain, gela bakoitzagatik irabazten baitu.

Enpresari eta politikariei, banketxeak batzen zaizkie etxebizitzaren negoziora. Baina haien erasoei erantzuteko, bizilagun hauek Bilboko Etxebizitza Sindikatuarekin antolatu dira eta borroka prozesu bat abiatu dugu kaleratzeak eten eta bizi-baldintzak hobetzeko.

Hala ere, Bilbon ez ezik, ehundaka maizter dira Euskal Herri osotik egoera berean daudenak eta tokian tokiko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatu direnak, Arrasate eta Gasteiz, kasu.

Errentagarritasunaren aritmetikari faktore bat gehitu behar zaio, eta hori, bidaiaren industria da. Hain justu, Bilboko Udalak, duela gutxi jakinarazi duenez, urtebetez utziko dio pisu turistikoen lizentziak emateari. Baina dagoeneko 1.392 pisu dira negozioaren parte direnak eta beste % 30ak, gutxienez, lizentziarik gabe jarduten du. Gainera, lizentziak emateari utziko diola esan eta egun batzuetara zabaldu dute Eurostars hotel konpainiak, Deustun, 75 apartamentu turistiko irekiko dituela lehen Tiffany’s diskoteka zen eraikinean.

Baina hori ez da guztia, parke tematiko bilakatzen ari diren hiri honetan, dagoeneko 92 hotel
ditugu eta egunean 10.223 plaza eskaintzen dira turistentzako. Aldea dago kolektibo
zaurgarrienei bideratutako baliabideekin konparatuz gero: 1.342 dira etxerik ez duten
pertsonei eskaintzen zaizkien plazak eta 59 dira gaueko egonaldia eskaintzen duten
alojamendu-zentroak.

Etxebizitzarekin negozioa egiten dutenei alfonbra gorria ipintzen zaien bitartean, gure hirian
28.600 pertsona daude Etxebiden izena emanda, eta, gainera, alokairuak ez dira 750 eurotik
jaisten. Are gehiago, baldintzak egunetik egunera okerragoak dira; alokairu iraunkorrak % 32
jaitsi dira urtebeteko epean, aldi baterako alokairu kontratuak % 10 igo diren bitartean.

Horrez gain, azken asteetan argitara eman dute FACUAk salaketa bat jarri diola Bilbon bere
egoitza duen Arrendamientos 10 higiezinen enpresari. Azken honek, etxebizitza bat
alokatzeko 18 hilabeteko banku-abala eskatzen zuen, hau da, alokairuan sartzeko 15.000
euro eskatzen zituen.

Kasu hauetan ikus daitekeen bezala, enpresari zein jabeek inpunitate osoz jarduten dute
etxebizitzarekin negozioa egiten, Etxebizitza Legeak dagoeneko urte eta erdi bete dituen
arren.

Zoritxarrez, Bilbon, eredu asko ditugu Legearen ezintasuna adierazteko, eta eredu horiek,
berriz ere, frogatzen dute, Legea bera hauteskunde marketina besterik ez zela izan, eta,
berriz ere, frogatzen dute, politikari profesionalek ez dutela egoera aldatzeko asmo
zintzorik, ezta gaitasunik ere.

Adibidez, etxegabetzeak debekatuko zituztela zioten. Baina Hego Euskal Herrian 544
etxegabetze gauzatu ziren aurreko urtean, eta, Erkidegoari dagokionean, horietatik 50
Alokabide, Bizigune eta Eusko Jaurlaritzak gauzatu zituzten. Era berean, ezin ahaztu Bilboko
Udal Etxebizitzak ere etxegabetzeen duela, eta kale gorrian utzi zuela, pasa den urteko
urtarrilean, Txurdinagako bizilagun bat.

Ez dira gutxi Bilbon ikusi eta bizi behar ditugun miseriak, baina langile klasearen zati handi
batek oraindik zailagoa dauka etxebizitzarako sarbidea, jabeek eta inmobiliariek erabiltzen
dituzten filtro ekonomiko eta burokratikoez gain, filtro arrazistak ere jasan behar baitituzte.
Horrela, askok, kale gorrian ikusten dute haien burua. Bilbon, 1.882 pertsonek ez daukate
etxerik, eta horietatik 1.323 pertsona migratzaileak dira. Haiek dira, enegarrenez ere,
politika ankerren alderik krudelena pairatzen dutenak.

Legeak lege, etxebizitzak ez dio negozio izateari utzi, eta, promesak promesa, ez dago
alderdi bakar bat ere etxebizitzak merkantzia objektu izateari utz diezaion proposamenik
egin duenik. Ondorioz, esan daiteke, praktikan, alderdi guztiek bat egiten dutela
errentatzaileen irabaziak babestu eta langile-klaseko geruza zabalen pobretze-prozesua
normalizatzearekin.

Izan ere, inork ez du alokairuen prezioa jaistea proposatzen eta inork ez ditu etxegabetzeak
baldintzarik gabe eta modu iraunkorrean eten. Kontrara, jabeentzako zerga-salbuespenak
onartu dituzte, okupazioaren kontrako neurriak hartu dituzte eta DSBEan murrizketak egin
eta kontrol mekanismoak indartu dituzte.

Etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko konponbide bakarra, etxebizitza kalitatezkoa, doakoa
eta unibertsala bilakatzea da, eta gobernuek abiarazitako erreforma-zikloaren aurrean,
beharrezkoa da mobilizazio- eta borroka-prozesu handi bati ekitea. Prozesu horrek, gobernu
baten edo bestearen erreformen faltsukerien aurrean, bi aukeren artean hautatzera
bultzatzen gaitu: negozioa indartzea ala harekin amaitzea.

Haiek diote arazoa etxebizitza-eskasia dela, baina guk badakigu arazoa ez dela eskasia,
baizik eta harekiko dugun sarbidea. Arazoa ez da etxeak falta direla, baizik eta negozioa
egiten dela. Arazoa ez da etxeak falta direla, baizik eta hutsik errentagarriagoak direla.

Konponbidea ez da eraikuntza-ziklo berri bati ekitea. Konponbidea ez da diru-publikoa
higiezin enpresei ematea. Konponbidea negozioari eraso egitea da, eta, ezinbestean,
etxebizitza eskubide unibertsal bihurtzea da, doan eta kalitatezko baldintzetan ziurtatuz.

Helburu horiek lortzera bidean, mugimendu zabal bat indartu dezagun, eta antola gaitezen
langile klasearen alde egingo duen borroka-prozesu baten alde. Horretarako, lehen pausua
emango dugu Abenduaren 14ean Bilbon bertan egingo dugun manifestazioaren bitartez.
Kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren alde, negoziorik ez!


Leire Aranburu
Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea