Mobilizazio hark kezka soziala antolakuntzan bilakatzeko urratsa izatea ahalbideratu nahi zuen, eta lau hilabete beranduago, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bide horri segika, apirilaren 5ean estatuko hainbat tokitan egingo diren mobilizazioak kontuan hartuz, Euskal Herrian deialdi propio bat egin du. Izan ere, hemen ere ez dira gutxi horretarako ditugun arrazoiak, eta langile klasearen pobretzeari aurre egiteko urratsak ematen jarraitzea ezinbestekoa da.
Mobilizatzeko arrazoien zerrenda amaigabe honetan, aldiz, eragilea bakarra da: negozioa. Etxebizitzak izaera merkantilista duen bitartean, bertarako sarbidea ez da, inondik inora, denontzat berdina izango. Dena diru-sarreren arabera determinatzen den momentutik, bizitza eraikitzeko aukerak batzuk ala besteak baitira, eta langileok, ondo dakigu zer den hori.
Nolanahi ere, langile-klaseko kapa proletarizatuenak dira etxebizitzaren arazoa gehien jasaten dutenak eta arrazismoaren lakra egunero bizi dutenak. Migratzaileek errolda lortzeko zailtasun agerikoak dituzte, instituzioen ohiko traba burokratikoen aurrean iruzurra eta estortsioa gailentzen dira, eta 700 euro ordaintzera ere iritsi dira errolda lortzearren, berez, eskubide bat denean. Erroldarik gabe ez dago bizitzarik, eta bizitza aukerak murritzak direnean ere jabeek negozioa egiteko beste aukera bat baliatzen dute.
Errentisten etengabeko jarrera parasitarioari, inmobiliarien izaera arrazista gehitu behar zaio. Izan ere, migratzaileak eta pertsona arrazializatuak behin eta berriz baztertuak dira etxebizitza eskuratzeko aukera posibleen aurrean. SOS racismo eta CEAR-Euskadiren ikerketa baten arabera, Bilbon, inmobiliarien %50k ez die pertsona migratzaileei etxebizitzarik eskaintzen, eta beste %50k baldintza gogorragoak ezartzen dizkiete horretarako.
Higiezinen merkatutik baztertuak izateak badauzka ondorio batzuk eta horietako bat da poliziaren jazarpena instituzio publikoen konplizitatearekin. Ezin dugu ahaztu aurreko urtean Barakaldon tunel batean bizi ziren bi migratzaileei tiro egin ziela polizia batek hura desalojatzeko asmoz, edota Getxon, basoan bizi ziren migratzaileak bertatik botatzeko Udalak bultzatu zuen jardun poliziala. Bilbon ere badauzkagu adibideak, horien artean, Udalak Arenaleko estalpeetatik bota zituen pasa den irailean bertan hala moduz bizi zirenak.
Sarbiderako zailtasun hauen aurrean, ez pentsa politikari profesionalek aterabide eraginkorrik proposatzen dutenik. Egiturazkoa den arazoaren aurrean ez dute epe motz edo ertaineko neurrietatik haratago ezer proposatzen. Gainera, ezkerretik eskuinera, hitz batzuk ala besteak, etxebizitzaren arazoaren konponbidea negozioa bera indartzea dela da denek errepikatzen duten mantra: alderdi parlamentario batek berak ere ez du etxebizitza merkantzia izateari uzteko neurririk mahaigaineratzen. Are gehiago, enpresari zein banketxeekin hitzarmenak sinatzen dituzte eraikuntza ziklo berri bati hasiera emateko, jabeei %100 salbuespen fiskalak emateko legeak onartzen dituzte eta urgentziazko neurriekin gatazka soziala desaktibatzen saiatzen dira.
Azken honen eredu dugu Bilboko Hirigintza Plan Orokorra berrikusi bitartean onartu nahi dituzten neurriak: etxebizitza turistikoen lizentziak urtebetez emateari uztea proposatu dute, jakina denean dagoeneko %30k lizentziarik gabe jarduten duela. Horrez gain, ez du atzeraeraginezko izaerarik, beraz, ez du eraginik izango lehendik existitzen diren pisu turistikoetan. Era berean, pisu turistikoz “gainezka” dauden auzoetan neurri murriztaileak hartzeak arazoa desagerrarazi baino beste auzo batzuetara zabaltzea ekar dezake.
Gatazka soziala desaktibatzeko neurriez gain, benetan eragiten diguten neurriak ere hartzen dituzte, izan ere, gogoan dugu alderdi politiko guztiek babesa eman ziotela etxe-kaleratzeak eta orotariko desalojoak azkartzeko okupazioaren aurkako legeari, eta desokupazio enpresak ez ilegalizatzea erabaki zutela duela gutxi.
Gero, aldiz, topaketak eta jardunaldiak gauzatzen dituzte etxebizitzaren arazoarekin oso kezkatuta daudela adierazteko, eta propaganda politikorako besterik ez diren adierazpenak egiten dituzte. Gainera, ez dute erreparorik “eraiki” eta “eskubide” hitzak sinonimo gisa baliatzeko, etxebizitzak eraikitzeak etxebizitza eskubidea bermatuko balu bezala, eta ez dute erreparorik ere eraikuntza enpresa, banketxe edota inbertsio funtsekin aliantzak egitea langile-klasearen mesedeetarako izango dela esaterakoan.
Egoera benetan lazgarria da etxebizitzaren arazoa sufritzen dugunontzat, eta azken urteetan hartu diren neurriak, gehienetan, merkatuko irabaziak bermatzera bideratu dira. Testuinguru honetan azpimarratu nahi dugu etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrek bi baldintza bete behar dituztela: batetik, mobilizazio sozialaren fruitu izan behar dira, kaleetatik inposatzen diren konkistak baitira iraunkorrak, eta, bestetik, etxebizitzaren negozioaren kontura hartu behar dira, ez hura indartuz.
Era berean, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitza ez da sekula ezagutzen dugun gizarte-ereduan lortzerik. Baldintza horiek soilik Estatu Sozialista baten eraikuntzak bidera ditzake, eta, horretarako, antolakuntza iraultzaile baten alde egitea ezinbestekoa da.
Zentzu horretan, antolakuntza iraultzaile hori Alderdi Komunistan gorpuzten dela argi daukagu, eta etxebizitza eskubidearen aldeko borrokaren ekarpenak norabide horretan kokatu behar direla aldarrikatu nahi dugu, etxebizitzarako sarbidea ez baita beste nolabait bermatuko. Bide horretan aurrera egiteko asmoz, apirilaren 5ean etxebizitzaren negozioaren kontrako manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.
Leire Aranburu
Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea