Abaunzak, Bilboko Udaleko Hirigintza Saileko zinegotziak, botatako hitz hauek errealitate paralelo batean bizi ote garen pentsarazten digute. Baina, egia esan, ez dago errealitatetik hain urrun, esaldia moldatuz gero, noski: “errentista, kapitalista eta politikari profesionalok ez dugu arazorik turismoarekin”. Zehazki, ezagutzen dugun turismo formarekin, hau da, turismo kapitalistarekin: aisialdiaren esperientzia merkantilizatzearen ondorioz aberasten baitira egunak joan, egunak etorri.
Bestalde, nahiz eta turismoaren negozioa bereziki lurralde jakin batzuetan azaleratzen den, ez da Bilbori soilik eragiten dion fenomenoa. Horregatik kendu dugu esalditik. Turismoaren negozioa maila internazionalean finkatzen eta hedatzen doa, eta, beraz, garrantzitsua deritzogu lurraldeez baino, negozioaren ondorioak jasaten dituen langile-klaseaz jarduteari, baita kalte horien arduradunak seinalatzeari ere. Hala ere, tokian tokiko alderdi politikoek egoeraren kudeatzaile gisa jokatzen duten heinean, badaude gure hiriari espezifikoki eragiten dioten hainbat kontu, horren adibide dugu Udaletik etxebizitza turistikoen baitan egin den azken erregulazioa.
Bilbon egin diren erregulazioak, paper erre
2024eko amaieran, etxebizitza turistikoei lizentziak emateari utzi zion Udalak, Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) egokitzapen batzuk egin arte. Duela hilabete batzuk moldaketa bat onartu zen, eta inoren harridurarako, ez da turismoaren negozioaren aurkako aterabide esanguratsua izan. Nahiz eta alderdi politikoek turismoaren eragina erregulatzeko HAPOn aldaketak bultzatu nahi izan, azkenean, dimentsio nahikoa ez duen erregulazio bat da mahai gainean daukaguna.
Izan ere, moldaketa honek etxebizitza turistikoak (ET) eta logela turistikoak (LT) parekatu egiten ditu, hau da, eraikin bakoitzean lehenengo pisuan soilik eta eraikin bakoitzean ET edo LT bakarra egon daiteke, baina neurri honek ez du eraginik izango dagoeneko existitzen diren 1.300dik gorako lizentzietan, ezta hiriko lurralde osoan ere, soilik pisu eta logela gehien kontzentratzen diren auzoetan aplikatuko baita, hala nola: Alde Zaharrean, Bilbo Zaharrean, Abandon, Matikon, Indautxun eta Olabeagan.
Beraz, hartutako neurriaren eraginkortasuna zalantzan jartzea ez da errazkeriaz egiten dugun kritika bat, alderantziz, zuhurtziaz egindako irakurketa da proposatu nahi duguna. Izan ere, neurriaren muga argiak ikusita, aurreikusi daiteke arazoa gutxitu baino, hiriko beste auzo batzuetara desplazatu daitekeela. Gainera, neurriak ez du turismoari eskainitako plazak erregulatzeko helbururik, etxebizitza eta logela turistikoei mugak jarri nahi zaizkien bitartean, ez baita ezer aipatzen hotel eta apartahotelen inguruan.
Horregatik, argi ikus daiteke alderdi politiko guztiek egiten duten analisia nahiko berdintsua dela: turismoaren arazoa masifikazioa da, ez negozioa bera; eta bide horretan aurkezten dituzte erregulazioak, beste mota bateko negozioa langile-klasearen bizi baldintzetarako kaltegarria izango ez balitz bezala. Gainera, zentzu honetako neurriek gatazka soziala apal dezakete eta neurri partzialak haien burua zuritzeko tresna bat besterik ez dira bilakatzen.
Are gehiago, langileriaren bizi-baldintzak babestea baino, neurri hauen helburua turismoaren negozio eredu hau hirian zuzenean txertatzea eta horren goranzko joera kontrolatzea da, inolaz ere arazoari epe luzerako irtenbide eraginkorrik planteatzea.
Gure hiriko turismoaren negozioa zenbakitan
Beraz, eztabaidak eztabaida eta erregulazioak erregulazio, enpresari eta politikari profesionalak turismoaren negozioa elikatzen jarraitzeko testuinguru aproposa eraikitzen jarraitzen dute. Behintzat, hori erakusten digute datuek: Eustaten arabera, 2025eko ekainean 2024ean baino 11.138 pertsona gehiago etorri dira Bilbora.
Hori gutxi ez eta, dagoeneko hainbat politikari profesionalek adierazi dute, datozen urteetan kopuru horrek gora egingo duela, 2.200 plaza gehiago egotea aurreikusten baita. Su horri egur gehiago botako diote besteak beste, 2026. urtean irekiko diren lau izarretako bi hotelek: RSR Singular Assets Europe inbertsio inmobiliarioko enpresak 9 miloi euro jarriko ditu One Shot Hotelsek kudeatuko duen 54 gelako eraikinean, eta Grupo Hotusa katearen Eurostars Hotel Companyk 75 gelako beste hotel bat inauguratuko du Deustun.
Zenbakiez ari garen hontan, eta irudi argiago bat eduki dezagun, REATEren arabera, 2024. urtean etxebizitza eta logela turistikoen artean 5.444 plaza eskaini ziren egunero; bai, egunero. Aldiz, hotel eta apartahotelen plazen batuketak 11.494eko emaitza ematen digu. Gainera, atzera begiratuz gero, azken bost urteetan, guztira, 9.028 plaza eskaintzetik 16.938 eskaintzera iritsi dira.
Zerbitzuetan oinarritutako hiri eredu honen garapenak errentistei eta kapitalistei irabaziak akumulatzen jarraitzeko aukera ematen die, baina batzuentzat negozioa dena, besteontzat miseria dela ez da erretorika berria. Turismoaren negozioak langile-klasearen bizi-baldintzak okertzen dituela ere ez da ezustekoa, nolanahi ere, prekarizazio hori are gordinago jasaten dute, batez ere, gazte langileek eta proletario migratuak. Izan ere, turismoaren negozioak etxebizitzaren arazoa handitu ez ezik, lan baldintzak okertzen ditu, aldi baterako kontratuak gora egiten dute eta eskubide urraketak eguneroko ogi bihurtzen ditu, gehienbat ostalaritzan diharduten gazte eta migratuak kolpatuz.
Era berean, alokairuaren prezioa asumitu ezinik edota gure bizitokiak pisu turistiko bilakatu nahi izanagatik espazioetatik kanporatuak gara. Hala ere, egoera askoz ere lazgarriagoa da proletario migratuarentzat, izan ere, Eustaten arabera, 1.882 pertsona daude etxerik gabe Bilbon, eta horietatik 1.363 pertsona migratuak dira. Gainera, Udal Zerbitzuetatik urte osoan zehar 592 plaza eskaintzen dira gaua pasatzeko, bai, urte osoan zehar. Badago tartea turismoari eskainitako plazekin alderatuz gero, ezta?
Instituzio burgesak turismoren negozioa indartzearen alde
Hala ere, etxebizitzek eta ostalaritzak bidaiaren industriaren egitura konplexuago bati erantzuten diete, izan ere, baliabideez gain, ezinbestekoa da amu erakargarri bat garatzea. Bilboren kasuan, kultura da, aspaldidanik, zerbitzuen hiri-eredua indartzeko erabiltzen duten produktua. Kultura da beste merkantzia guztiak saltzen dituen merkantzia. Guggenheimaren eraikuntzatik abiatuta, egungo festibalen kulturaraino. Historia ezabatu eta haien burua “kultur-maitale” gisa errepresentatzeko saiakera negargarri honetan “Bilbao, Ciudad de Festivales, 2025, Vive lo extraordinario” gisako katalogoak aurkeztu dituzte FITURren, turismoaren azoka internazionalean, eta Bilbo “destino único” bilakatu nahian ideala eta desiragarria den hiri bat saldu nahi dute.
Esperientziak saltzeak eta irudia garbitzeak badu balio bat, zehazki 7 milioi euro. Kopuru hori da Eusko Jaurlaritzak 2024.urtean soilik publizitatera bideratu duena. Bilboko Udalaren kasuan, ia 3 milioi euro bideratu ziren aurreko urtean turismoaren sustapenera. Beraz, ez da instituzioei turismoaren goranzko joeraren aurrean erantzutea besterik ez zaiela geratzen, baizik eta hura sustatzeko inbertsioak egiten dituzte diru-publikoa baliatuz.
Beraz, alderdi politikoek turismoarekiko kezka adierazten saiatzen diren bitartean, errealki, plan estrategikoen bidez turismoaren negozioa modernizatu eta sustatu, eta diru-publikoz hura indartzen jarraitzen dute, arazoa negozioan ez dagoela, baizik eta masifikazioan topatzen dela argudiatuz.
Turismoaren negozioaren aurrean, antolatu!
Turismoaren negozioak neurri batean edo bestean, prekarietatea eta pobrezia dakar langile klasearentzat, alokairuaren prezioan eragin zuzena du eta bizitokietatik kanporatzea dakar, alokairuaren kostua gure gain hartu ezinagatik edota bertan pisu turistiko edo hotelak egin nahi izateagatik. Horrez gain, auzi honek, instituzio burgesek negozioaren alde egiten dutela ebidentziatzen du berriz ere, egiten dituzten erregulazioak ez baitira benetan behar sozialekiko eraginkorrak.
Garrantzitsua da seinalatzea alderdi politikoek negozioan betetzen duten funtzioa. Turismoaren negozioak irabazi ekonomikoa handiak egiten ditu instituzio burgesek eta enpresariek horretarako baldintzak sortu dituztelako, ez da momentuko politikari profesionalaren borondatearen araberako fenomeno moldagarri bat. Sektore honen hazkundea ez da bapateko eskariaren igoeragatik izan, negozio hori handitzera bideratutako instituzio eta enpresen estrategiengatik baizik. Hala, garrantzitsua da, turistak arazoaren erdigunean kokatzen dituzten diskurtsoetatik haratago, turismoaren negozioan zentratzea gure analisia eta jarduna, negozio honek eragiten dituen eguneroko kalteei aterabidea eman eta hauek benetan errotik ezabatzeko baldintzak sortuko dituen antolakuntza politikora bidea egitea.
Hiri-eredu kapitalistaren eta langile-klasearen aurkako ofentsibaren aurrean antolatzea ezinbestekoa bilakatzen den garaiotan, aurre egin diezaiegun errentistei eta kapitalistei, baita egoeraren kudeatzaile gisa aurkezten diren politikari profesionalei ere. Turismoaren negozioaren kontra eta langile-klasearen eskubideen defentsan borroka egin dezagun!