Abortoaren legea? AMORRUA

Erabiltzailearen aurpegia Li eta Mai 2014ko eka. 26a, 09:30
Zelan adierazi hitz gutxitan barruan sentitzen dugun amorrua? Zelan azaldu datorren abortuaren lege atzerakoi honek suposatzen diguna emakume gazte bezala?

 

Duela hilabete batzuk abortuaren legearen gaia pil pilean egon da. Metroan joanda edonori entzuten zenion gaiaren inguruan berba egiten, lagunekin kafe momentuetako ordu asko bete dituen gaia izan da, komunikabideetan ere agertu izan da…behintzat guzti honetatik zerbait positiboa atera dezakegu, gaiaz hitz egin da, koadriletan amatasun ereduen inguruan hausnartu da, inposaketak zalantzan jarri dira, pertsona batzuen kritikotasuna piztu da….eta orain….giroa lasaitu denean, apur bat ahaztu denean gaia eta udaren linboa aprobetxatuta…ZASSSSSSS…hor dator legea. Gainera, badirudi Europako lege atzerakoienari pare bat moldaketatxo eginda, iritzi publikoa bereganatu nahian, pozik egon behar garela.

Eta zer sentitu behar dugu hau guztiaren aurrean?

Amorrua, jendarte patriarkal honetako gizon zuri eta dirudunek gure gorputzaren jabe direla uste dutelako. Emakumeak infantilizatzen gaituzte gure gorputzaren eta bizitzaren inguruko erabakiak hartzeko gai ez bagina bezala.

Gorrotoa sentitzen dugu Elizaren etika atzerakoiak  ustezko estatu laiko hau titere bat balitz bezala maneiatzen ari dela pentsatzean.

Odolak irakiten digu, lege honen ikuspuntu hereronormatiboan pentsatzen dugunean. Alde batetik amatasuna inposaketa bihurtu nahi dute. Beste alde batetik, beraien familia eredu tradizionaletatik at dauden pertsonak ezin dira guraso izan.

Beldurra sentitzen dugu lege hau inposatu nahi digutenean. Zer egingo dugu haurdun geratzen bagara eta ez badaukagu dirurik iparraldera abortatzera joateko? Eta, horra hor paradoxa, zelan mantenduko dugu haur bat, abortatzeko ere dirurik ez badaukagu?

Eta amaitzeko, mina sentitzen dugu jendartearen erantzun eskasagatik. Horrelako eraso baten aurrean mugimendu feministatik haratago doan erantzun masiboago bat behar da. Ala ere, legearen ezarpenarekin ezin da borroka bukatu, elkarlanean, indarrez, itxaropenez eta desobedientziaz egin behar diogu aurre Estatuaren inposaketei.

Eta berriro egiten diogu galdera berdina gure buruei… Zelan adierazi barruan sentitzen dugun amorrua?