Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna!

Erabiltzailearen aurpegia Lizardi Mintza Taldea 2015ko uzt. 14a, 09:02

Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak 2000. urtean ekin zion ESAITen babespean bere ibilbideari. Ordutik urtero urtero leial izan da bere zitari, jada 14 edizio burutu direlarik. Udaberriak ESAITen desagerpenaren berri ekarri badigu ere, ESAITek eta Mendi Martxak amestutako helburuak bizirik diraute.

Laburbilduz xede nagusia hauxe litzateke, kirol arlo desberdinetan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan eskubide osoz parte hartzeko eskubidea defendatzea. Xede horri begira jarraituko du Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak bere aletxoa jartzen, konbentzituta baikaude gure ekarpena, apala izanagatik, bide egokian emandakoa dela.

Aurten euskal kostaldea zeharkatuko dugu eta aukeratu dugun leloa honakoa:'Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna!'

 

Aurtengo edizioa: EUSKAL SELEKZIOAREN ALDEKO XV. MENDI MARTXA

'Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna!'

(ABUZTUAK 1- ABUZTUAK 8) ALGORTA-ZIBURU

 

Etapak

Hasierako ekitaldia: ALGORTAn, Portu Zaharrean.

1. Etapa, abuztuak 1, larunbata: Algorta-Plentzia (17 km.)

2. Etapa, abuztuak 2, igandea: Plentzia-Bermeo (31 km.)

3. Etapa, abuztuak 3, astelehena: Bermeo-Ea (24 km.)

4. Etapa, abuztuak 4, asteartea: Ea-Mutriku (29 km.)

5. Etapa, abuztuak 5, asteazkena: Mutriku-Zarautz (29 km.)

6. Etapa, abuztuak 6, osteguna: Zarautz-Donostia (25 km.)

7. Etapa, abuztuak 7, ostirala: Donostia-Hondarribia (24 km.)

8. Etapa, abuztuak 8, larunbata: Hondarribia-Ziburu (15 km.)

Argibideak

a) Iraupena eta distantziak

8 eguneko zeharkaldi bat da, Algortan hasi eta Ziburun amaituko dena. Egunean bataz besteko 7-8 orduko txangoa egingo da, kostan ibiliko garenez desnibel haundiegirik ez baina oso gorabeheratsua. Goizeko 8etan hasi eta gutxi gora behera arratsaldeko 5ak aldera amaitu, tartean 20-30 km ibiliz.

 

b) Lolekuak eta dutxak

Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak edota eskolak erabiltzen ditugu. Beraz bakoitzak eraman beharra dauka bere lo zakua eta esterilla. Dutxatzeko edota bainatzeko aukera, beste okerrik ezean, etapa amaiera bakoitzean eskura izango dugu.

 

c) Garraioa

Hasiera puntura hurbiltzeko autobusa Donostiatik aterako da eta, Zarautz, Eibar eta Durangon geldialdia egin ondoren Bilbora helduko da. Handik, gainontzeko martxistak jaso ondoren, Algortarako bidea hartuko du. Azken egunean, alderantzizko bidea egingo luke. Dena den, azken unean eta jendearen jatorria kontutan hartuta ziurtatuko litzateke aurreratutako ibilbide hori. Tartean gehitzen joango den jendea, bere kabuz antolatu behar da. Eguneroko txangoa egiteko soberan diren trasteak garraiatzeko, hau da, lo zakuak, janaria, eta abar, antolakuntzak jarritako kamioia erabiliko da. Beraz, eguneko txangoa egiteko, nahikoa izango da gainean motxila txiki bat eramatea.

 

d) Otorduak

Antolakuntzaren esku geratzen da eguneroko gosaria eta txangoan zehar behar den ogia eta fruta. Bestelakoak norberaren ardurapean geratzen dira. Beraz, norberaren esku geratzen dira sardexka, koilara, edalontzia eta pertsona batek 8 egun mendian behar dituen gauza guztiak. Normalean janari erosketak egiteko aukera izango da etapa bakoitzean. Iristen garen herrietan afaria prestatuko digute. Beraz, nahi duenak eta aurrez ordainduz gero, aukera honetaz baliatu ahal izango du. Era berean, azken egunean etapa eguerdi aldera amaitzen denez, bazkaria izango da.

 

e) Nolako prestakuntza behar da

Ez da beharrik eliteko kirolaria izatea, baina fisikoki tonu egoki batean egotea komeni da, eguneroko gora beherak eta iraupenak kontutan harturik. Beraz, indar ahulezi baten aurrean gertatuz gero, norberak antolatu beharko luke etxerako itzulera. Antolakuntzak erabilitako kotxe eta kamioiak zeharkaldiaren beste zereginetako dira.

 

f) Besteak

Egunero ibilbidea ezagutzen duen gidariren bat joango da aurrean eta atzean, eta talde osoaren koordinazioa bermatzeko mugikorrak, walkiak, G.P.S-a eta hainbat tresna baliatuko ditu antolakuntzak. Ibilbideen zehaztapenak jasoko dituen liburuxka bat ere emango zaio ibiltari bakoitzari, tokian tokiko hainbat pasadizu interesgarri ezagutzera emanez. Ibilbidean zehar, oso tarte txikiak izan arren, badira errepidez ibili beharreko lekuak. Beraz, komeni da txaleko aproposak motxilan eramatea. Gosariak prestatzeko, logelak goizetan garbitzeko, kamioia kargatzeko, bidea markatzeko eta honelako zeharkaldi bat aurrera eramateak denon lankidetza eskatzen du. Beraz, egunero antolatzen diren taldeetan partehartzea eskatzen da.

OSASUNA ETA ERANTZUKIZUNAK: Behar duenak antolakuntzak jarritako botikinak izango ditu eskura. Mendi Martxan zehar gerta litekeen edozein istripuren aurrean, norbera egiten da erantzule.

 

Prezioak

Zeharkaldi osoa + afariak barne………. 300 euro

Eguneroko afariak (7), Getariako bazkaria eta azken bazkaria barne.

Gosaria eta etaparako ogia eta fruta barne.

Zeharkaldi erdia + afariak barne……..150 euro

Eguneroko afariak(lehen erdia)/eguneroko afariak, Getariako eta azken eguneko bazkaria barne(bigarren erdia).

Gosaria eta etaparako ogia eta fruta barne.

Zeharkaldi osoa…….. 200 euro

Gosaria eta etaparako ogia eta fruta barne.

Zeharkaldi erdia……… 100 euro

Gosaria eta etaparako ogia eta fruta barne.

Egun solteak proportzioan

Arazo ekonomikoak izanez gero, antolakuntzarekin adostuko da ordaindu beharrekoa.

 

Izen ematea

Bi pauso hauek jarraitu beharko dituzue (biak dira beharrezkoak):

1.- Euskadiko Kutxa- Caja Laboraleko ondorengo zenbakian (ES31-3035 0029 61 0290095456) sarrera egin eta kontzeptuan zuen izen abizenak jarri mesedez 

2.-Deitu azpian azaltzen den telefono zenbakira izena emateko edo mezu bat bidali izena@mendimartxa.eus  helbidera. Horrez gain, autobusa non hartzeko asmoa duzun ere azaldu.

 

Kontaktua eta informazioa

Web orria: www.mendimartxa.eus

Emaila: izena@mendimartxa.eus

Telefonoa: 658740772 (Txumai)