Loraldia 2018

Martxoan, kultura nonahi!

Erabiltzailearen aurpegia Luken Lamikiz 2018ko ots. 6a, 10:44

Martxoan kulturaz gozatzeko, ez dago aitzakiarik: alde batetik, Bilbon, Loraldia jaialdia; bestetik, Gernika-Lumon, Lekuek festibala. Ezin etxean geratu, bada!

Oratu boligrafoa, zabaldu agenda, martxoari dagokion orrialdeetara jo eta idatzi letra larriz hurrengo kultura-jaialdien izenak: L-O-R-A-L-D-I-A eta L-E-K-U-E-K. Lehena, Bilbon; bigarrena, Gernika-Lumon. Bata, martxoaren 5etik 26ra; bestea, martxoaren 3tik 11ra. Kulturaz blai datorkigu martxoa!

Loraldia jaialdiak euskarazko kultura garaikidea zabaldu nahi du, eta, era berean, euskarari prestigioa eta espazio soziala eman nahi dio. Horrez gain, eragileen arteko elkarlana sustatu gura du. Horretarako, diziplina artistiko guztiak eta maila guztietako ikus-entzuleak ditu kontuan. Hala, ia hilabetez, Bilboko antzoki, kulturgune, denda eta tabernetan programazio zabalarekin gozatu ahal izango dugu. Egitarau eta zehaztasun guztiak ikusteko, hoberena jaialdiaren webgunean sartzea da: www.loraldia.eus. Hala ere, hona hemen antolatutako zenbait ekimen: Izaro Andresen kontzertua Arriagan; Ruper Ordorikaren abestien bertsioak Kafe Antzokian; Ekaitz Goienetxea idazlearen Zaldi Mamarroa nobelaren aurkezpena eta solasaldia, Iparragirre kaleko Elkar dendan...

Lekuek festibala, ostera, euskaratik eta zaletasunetik abiatutako jaialdia da. Musikazaleek egitaraua modu deszentralizatuan eta autogestionatuan antolatzen dute, herriko hainbat lekutan: Trinkete Antitxokoan, Iparragirre Rock Elkartean, Astran, Lizeo Antzokian eta herriko hainbat tabernatan. Egitarauaren barruan kontzertuak nagusi badira ere, musikarekin lotutako denetariko ekimenak antolatzen dira aste osoan zehar:  tailerrak, dokumentalen emanaldiak, erakusketak… Festibaleko egitaraua kuxkuxeatzeko eta sarrerak erosteko www.gernikakolekuek.com webgunera jo. Egitarau guztia oraindik argitaratu ez bada ere, kontzertu gehienak argitaratu dira dagoeneko: Nudozurdo, Glaukoma, The Riff Truckers, El Inquilino Comunista...

Hortaz, hurrengo hilabetean ezin etxean geratu, bada! Denborarekin abisatuta zaudete! Hasi programazioak kuxkuxeatzen, sarrerak erosten, planak egiten... eta gozatu!