Konparaketak alde batera utziz, kontzertu eguna zela argi zegoen metroan gindoazenean, izan ere, inoiz baino euskara gehiago entzun genuen. Gainera, aspaldiko hainbat lagunekin egin genuen topo Ansioko geltokian, eta, bertaratutako gehienek bizi izan genuen esperientzia bera: besarkadak, agurrak, aspaldikoak…
Kontzertura sartzeko ateak arratsaldeko 20:00etan ireki zituzten eta, pixkanaka, jendea sartzen hasi zen. The Baboon Show talde suediarrak eman zion hasiera jaialdiari. Hala ere, jende uholde nagusia 21.15 inguruan hasi zen hurbiltzen inguruko tabernetatik, 21.45ean hasi behar baitzen hainbeste itxarondako Berriren kontzertua.
Ordu tarte horretan hasi ziren gure lagun taldearen komediak: hainbeste jenderekin, banatu egin ginen eta bi zatitan sartu behar izan genuen kontzertura. Hori gutxi balitz bezala, laukotean geratu ginenok erraz konpondu genuen beste buruhauste bat izan genuen: bik pistako sarrera genuen eta beste biek harmailetakoa. Posible zenez pistako sarrerarekin harmailetara igotzea, laurok igo ginen harmailetara. Hala ere, antolakuntza ez zen oso ona izan, arazoari irtenbidea aurkitzeko hainbat kiderekin hitz egin behar izan baikenuen eta kontrako jarraibideak eman zizkiguten. Behin buruhaustea konponduta, kontzertua ez genuela behar beste gozatuko uste izan genuen arren, kontzertu osoa zutik eman genuen, barruko arra ezin bareturik.
Emanaldia hiru zatitan banatuta egon zen eta hiru ordu iraun zituen. Kontzertuari hasiera eman baino lehen, hirukotea eszenatoki aurrera hurbildu zen bertaratutako guztioi eskerrak emateko eta beraien emozioa adierazteko. Jarraian, disko berriaren aurkezpenari ekin zioten, eta, konturatu orduko, lehen etenaldia etorri zen. Geldialdi horretan, areto txiki bat atondu zuten eszenatoki aurreko koskan. Katamalo taldea gogora ekarri zigun eszenatoki bat irudikatu zuten orduan, akustikoagoa eta intimoagoa, piano eta mandolinaren laguntzaz. Bigarren emanaldi hau ondo egon bazen ere, nahi baino gehiago luzatu zuten, pixka bat aspergarri bilakatzeraino. Izan ere, hasiera indartsuari jarraipen are kaineroagoa eman nahi genion batzuek. Bigarren etenaldiaren ostean, ordea, taldearen diskografia osoko kantu indartsuak jo zituzten: Denak ez du balio, Oihu, Libre, Jaio.Musika.Hil, Ez dut nahi…
Kontzertuko momenturik gorena, ordea, Maravillas kantuarekin etorri zen: Gorka Urbizuk gitarra akustikoa eskuetan zuela, bertaratutakoei mugikorreko pantailak pizteko eskatu zien eta hala egin zuten guztiek. Uriolaren argazkia (goian), ikaragarria.
Emanaldia bukatu zenean, denok bat egin genuen: kristoren kontzertua ikusi genuen sentsazioarekin eta musika BECtekada itzelarekin gindoazela etxera. EHra bueltatzen direnerako, ordea, berriz ere izango gaituzte musika gosez.