Albistea zabaldu bezain laster zabaldu dira hainbat iritzi. Hiru izan dira gehienbat errepikatuta entzun eta irakurri ditudanak: lehena, eta, ziur aski, orokorrena, ea benetako albistea ala fake newsa den galdetu dutenena; bigarrena, taldearen ibilbidea ikusita, erabakia ulertezina dela uste dutenena; azkenik, aurreko kezka izanda ere, taldearen eta euskal kulturaren hedapenerako erakusleihoa izango dela deritzotenena.
Iritziak denetarikoak izanda ere, egia da taldearen azken kontzertuek erakutsi dutela bide hau ez dutela baztertzen (makrokontzertuena). Azken adibidea urte honetan bertan izan dugu, taldeak BECen 10.000 lagunen aurrean jo zuenekoa (BECtekada izenez idatzitako kronika begiratu dezakezue).
Ildo beretik, Gorka Urbizuk Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketan hainbat idea plazaratu zituen eztabaidarako. Hona ekarri ditut horietako batzuk:
Gurean artistak gosea pasa behar duela dirudi, horrek ematen diola glamourra. Beti izango du 'noizko lanbide normal bat?;' ildo beretik, oso koherentea iruditzen zait, aukera izanez gero, mozorroa janzten eta eranzten ibili beharrean, 24 orduz izatea musikari edo exijitzen ahal den minimoa pasioa da. Taulara igotzean kantuak dira protagonistak, ez zu, ez zure irudia, ez argiak, ez diskurtsoak...; horrez gain, kontzertu birei dagokionez ere iraun genezakeen beti kantu berak jotzen, abesti ezagunenen esklabo, zirkuitu berean gatibu, baina horrek taldea oxigeno gabe utziko zukeen. Ezinbestekoa da bide ezberdinak urratzen saiatzea, erronka berriei aurre egitea, eta zure burua behartzea. Errespetua ez da beti jendeak entzun nahi duena joz irabazten, xaxatuz baizik...
Izan daiteke beraien azken erabaki hau zaleak xaxatzeko egin izana? Ala koherenteak dira beraien kontraesanekin? Denbora izango da poligrafo bakarra.