Txikitatik begiratzen diegu nagusiagoei inbidiaz, geure buruari galdezka ea adin horietara noiz helduko garen. Hori bakarrik ez, etorkizunean nolakoak izango garen eta zertan ibiliko garen imajinatzen saiatzen gara. Lehen Hezkuntza ikastean, DBHko ikasle bihurtu nahi dugu; DBHn gaudenean, ordea, Batxilergoko edo Lanbide Heziketakoa; eta hortik aurrera, goi-mailako ikasketetako ikasle edota lan merkatuko langile. Konturatzerako, ordea, hainbat langa zeharkatu ditugu eta ohartu gabe joan dira.
Etapa guztiak, egokiago edo traketsago, atzean utzi ditugu: haurtzaroa, nerabezaroa, adin nagusitasuna edota helduaroaren hasiera; txikitako lagunak, kuadrillakoak, aisialdikoak, unibertsitatekoak, pintxo-potekoak, atzerrian ezagututakoak…; lehen parrandak, lehen amodioak, lehen harreman afektiboak…; betirako hor egongo zirenak, jarraitzen dutenak eta jada ez daudenak; bizi guztiko tokiak baloratu eta leku berriak ezagutzeko gogoa… Konturatu gabe, zenbat aldaketa!
Balantzea egiten hasita, une ilunak ere egon diren arren, esan dezaket espero nuena baino hobeto heldu naizela langa honetara arte: nik nahi izan ditudan ikasketak burutu eta gura dudan lanean ari naiz; egunerokotasunean inguratzen nauten pertsonak zoragarriak dira; era berean, gorago aipatutako lagun gehienak gordetzen ditut, eta, gainera, noizean behin haiekin egoten naiz. Munduan zehar bidaiatzeko aukera ere aprobetxatu dut eta jarraituko dut egiten hemendik aurrera. Ezin naiz kexatu, txikitako zenbait amets bete ditut. Lastima bakarra, aitak iaz utzi gintuela, bestela are borobilagoa zatekeen balantzea.
Hala ere, aurrea egin behar da, hau ez baita inoiz gelditzen! Beste horrenbeste urte eta gehiago ospatuko ditugulakoan, hurrengo langara arte, ondo segi!