Tulpenmanie (Tulipamania) deitzen da Historiaren lehendabiziko burbuila ekonomikoa eta krisi finantziero larria. Herbeeretan gertatu zen XVII. mendean. Izatez tulipamania espekulazioaldia izan zen. Tulipa-erreboilen edo tulipa-bulboen salerosketak prezioaren egoera anormal etengabea ezagutu zuen harik eta merkatuak eztanda egin zuen arte. Prezioa oso gora eraman zuten haietako asko lore-sail zabalekin gelditu ziren bat-batean, eroslerik aurkitu ezinik. Eta batzuek bere buruaz beste egin ere egin zuten.
Gran Vian gora nindoalarik Iberdrolaren eta Tulipamaniaren arteko lotura egin dut (ekintza demagogikoa izan da, bilatua propio sortua deliberatua gozatua). Ordubete geroago, egunkari digital bateko argazki batean, Josu Urrutia Athleticeko presidentea, Ignacio Sanchez Galán Iberdrolako presidentea eta Lula da Silva Brasilgo presidente ohia azaldu zaizkit. Urrutiaren gonbidatuek zuri-gorrien elastiko bana erakusten dute. Batean “S. Galán” ageri da, “Lula” bestean. Izar bat fitxatzen deneko argazki distirantaren antza hartu diot ezinbestean. Baina hor ez dut ezelango loturarik behartu, ordea. Aste bukaera honetako finantza-partida elektrikoan Ignacio Galáni eta Inácio Lula da Silvari desiraz begiratuko diete batek baino gehiagok.
Egia aitortzera oso besterik gertatu da: Plaza Eliptikoan oparitu dizkiote amari hiru tulipa laranja Iberdrolako hiru gizonezkok, hiru idi-bihotz ezin ederrago. Sukaldeko loreontzi batean paratu ditu. Eta, bai, “pase un día con energía” adoretu dute.