VAGINE: deseraikitzen Yoko Ono

Erabiltzailearen aurpegia Lutxo Egia 2014ko api. 8a, 18:49

New Yorketik iritsi zaizkigu azkenaldion erakusketa nagusiak. Orain dela hilabete batzuk, Gerrilla Girls taldea hurbilagotik ezagutzeko parada izan genuen Alondegian. Orain, berriz, Half-A-Wind Show esposizioan, atzera begirakoa eskaini dio Bilboko Guggenheim museoak Yoko Ono artistari. Deseraikitzen Yoko Ono.

Irrikan nago Onoren munduan murgil egiteko.          

Aurkezpen egunean, bati baino gehiagori gehiezko apalkeria iduri lekizkiekeen hitzak hartu zizkion Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak Onori: “Niri interesatzen zitzaidana zen zerbait sortzea, ez sortutakoa erakustea. Nire lana garai hartan artetzat jotzen zen arteaz ezberdina zen. Nik banekien jende askok ez zuela ulertuko, eta ez ninduen horregatik gaiak gehiegi kezkatzen. Sortzen jarraitu nuen”.

Sormenaren eta sortzearen aldarri horrek Enrique Vila-Matasen azken liburua (“Kassel no invita a la lógica”) irakurtzen harrapatu nau, non idazle katalanak, ohiko umorez, bere buruari galdetzen dion zer diren arteko abangoardiak, zer den arte garaikidea, zer den artea finean.

Vila-Matasek, bere lanetan, behin eta berriro identitate-mudantzaren jokoa proposatzen duenez, halako batean jabetu naiz artearen definizioaren bila ari naizela neu ere. Edo, beharbada, neu bakarrik idazle katalan bilakaturik. Hiriak, bederenik, seinale guztiak bidali dizkit: tranbia Ono distiratsuz trabestiturik dut; eta hainbat plazatan amets egiteko edo imajinatzeko gonbitak egin dizkidate panel handi batzuetan. Arriagan bertan, imajinatzeko: IMAGINE. Erraldoi.

Edo halaxe zen orain dela gutxi arte, gaur bertan Bidebarrietatik Gran Viara nindoala VAGINE ikusi baitut, lehen hizkia eta bigarrenaren zati bat ezabaturik. VAGINE animalekoa eta iradokitzailea; egiatan amets egiteko zirikatzen duen VAGINE  transgresorea, Plaza Biribileko AMETS EGIN behartuak ez bezala; Oxfordeko hiztegiak oro desafiatzen dituen kaleko VAGINE.

Baten batek pentsatu ei du performance bat egiteko gonbita helarazi diotela, edo instalazio bat, edo zer dakit nik ba, “Deserakitzen Yoko Ono” bat. Menturaz, bandalo hutsa dela leporatuko diote artista ezezagunari (bandalo hitza lengoaiaren perbertsioa izaki). Eta hark (apaltasunez, nik uste) artea maite duela argudiatuko du deus esan gabe, bere lana egun artetzat jotzen den arteaz ezberdina dela.