Aldra igande batez

Erabiltzailearen aurpegia Lutxo Egia 2014ko mai. 14a, 13:36

Aldrak ez du ahots bakarra. Nahikoa da belarria zorroztea batena zein besterena bereizteko multzotik. Arreta pixka bat jarrita banan-banan datozkizu, samaldatik erauzita gangarrak.

 

Marmarioa dago, hura du lur eta ongarri. Eta hantxe zuztartuak, bakoitzari bere jabearen izena jartzeko moduan, oihuak daude, txilioak, deiadarrak, orroak, amenazuak.

—Ez da hainbesterako izango.

—Fede kontua da. Begiak itxita ere ezagutuko nituzke, adiskidea.

Bidean pentsatu bezala gertatu da hortik atzerakoa. Deiadarrak hazi egin dira, sua horiei! erre! erre! orro batean hasi naiz neu ere, sua! sua! erre horiek! ez dago sua bezalakorik dena garbitzeko.

—Zertarako hainbesteko iskanbila?

—Zerurik baldin badago, jakin dezaten nola bizi garen lurrean...

  Aldrak hori du. Barnean zaudela ez duzu zuk aukeratzen nora zoazen, joan egiten zara, amuarrain zara, zarbo, aingira joairan behera. Areago, erreka bera zara, hori du legea. Eta konturatzerako, bertan zaude.

Aldran, entzun egiten da oihu bakoitza.

Eta orain, lipar batez, ahaztu irakurri duzun testua Iñigo Aranbarrik plazaratutako Apirila nobelari dagokiola, XVIII. mendeko Azkoitiko matxinadan girotua. Eta, hala berean, ahaztu “ezagutu nituzke” horren baitan herritar xumeen eta mutirien izen-deiturak daudela.

Aldra nonahikoa eta noiznahikoa dugu. Azkoitiko matxinadan zein San Mamesen igande batez. Athletizale suminduek hartu dute Azkoitiko zapalduen lekua. Hamaikak ez dakite zer gertatu den, baina hori ere badu aldrak. Norberaren ez ziurra babesten du, jakitun bilakarazten gaitu nahiz eta ezagutu ez zer gertatu den.

—Ez da hainbesterako izango.

—Laidoka aritu zaigu, mozkorrik!  

Eta orduan mexikar estiloan heldu den errealzale bakarti herrenari maskara erautzi eta berak jantzi du.

Aldra beti mozorrope.