Paisaian barna ibilki

Erabiltzailearen aurpegia Lutxo Egia 2015ko mar. 13a, 12:59

Flâneur-ak gara, alegia, kalezaleak, paseatzaileak, Charles Baudelaire bezain, Robert Walser bezain, harat-honat eta firin-faran ibili zaleak, Walter Benjaminen miresleak, hiri-psikogeografiaren maitaleak.

Eta horixe proposatu nahi dizuet: postmodernian nonanhi ezinbesteko bihurtu zaigun arruta edo bidea egin Bilbon barrena. Ibili. Ez, oraingoan, pintxoen bidea edo Gabriel Arestiren geralekuak. We speak English bidea natorkizue proposatzera, ohiz kanpoko propamena beharbada. Hau da, pausoen bidez geografia bat osatu.

Gure hirian gero eta pisu handiagoa hartu du ingelesak, batez ere ostalaritzan. Agerikoagoa da, noski, kanpotar ingelesdunak azaltzen diren tokietan, Alde Zaharra kasu. Baina nonahi ikus ditzakegu ingelesari egin keinadak, hizkuntzak duen indarraren erakusgarri.

Errotuluetan, karteletan, menuetan... ingelesa hizkuntza hegemonikoaren (gaztelera) alboan ageri zaigu. Gero eta leku gehiagotan. Afera, baina, ez da hori txarra ala ona den adieraztea. Hiri-paisaiaren partea da eta, horregatik besterik ez bada ere, gure arreta merezi du.

Paisaia ez da zerbait estatikoa. Uneoro da aldatzen ari, eta hirian gu geu ere osatzen, egiten eta aldarazten. Norabide biko harremana ematen da hor: paisaiaren osaketan eragiten dugu eta hark ere moldatu egiten gaitu.

Eta hortxe lehen proposamena: ibili, neurtu hizkuntzen presentzia hiri-paisaian, pentsatu haien eboluzioaz eta hausnartu eraginaz.

Eta ez sobera nekatu promenadan!