Periferian

Erabiltzailearen aurpegia Lutxo Egia 2015ko mai. 13a, 09:33

Ari naiz egunotan irakurtzen Hain gutun luzea (Une si luonge lettre, Mariama Bâ, 1979; EDO! 2015) eta Urte ilunak (Robben Island: The Dark Years, Nelson Mandela 1995; Ataramiñe 2014).

Kasualitaez (edo kausalitatez, batek daki) ari naiz biekin batera. Badituzte liburuok elkarrengana hurbiltzen duten laupabost ezaugarri: Mariama Bâ senagaldarra eta Nelson Mandela hegoafrikarra kontinente berekoak ziren; biak beltzak ziren; bi-biak idazleak eta, batez ere, ekintzaileak: bata feminista, apharteid-en kontrakoa bestea; maila desberdinetan bada ere, kolonizatzailearen eragina begi-bistakoa da liburuetan, hizkuntzan kasu: lehena frantsesez dago eta ingelesez bigarrena; azkenik, idazleek hirugogeita hamarreko hamarkadan ekin zioten testuak idazteari.

Liburuak EDO! eta Ataramiñe zigilupean agertzea ez da, berriz, horren kasualitate handia. Helburu sano desberdinekin sortutako argitaletxe-proiektuak dira baina, aipatutako liburuek bezalaxe, ezaugarri komun batzuk dituzte: autofinantziatuak dira eta borondatezko lanean oinarrituak; independenteak; gizartean eragiteko asmoarekin sortuak; euskaraz bakarrik argitaratzen dute; eta biak ohiko literatura-eskaintzaren periferian ari dira. Ezinbestean Ataramiñe, 2002tik, oso oker ez banago, ari baita euskal preso, iheslari eta deportatuen sormen-lanak plazaratzen eta zabaltzen. Orduz geroztik esperientzia bakan eta errepikaezinak biltzen dituzten dozenaka lan eman ditu argitara. Eremu zabalagoa hartzen du, berriz, EDO!-k bere hiru bildumetan. Eremu ezohikoa inguruko argitaletxeei begiratuz gero, bederen. Album-ilustratuak, antzerki testuak, argazki-liburuak, generoari eskainitako pisua... Hori guztia oso erakargarri bihurtzen ari da slow-argitaletxe hau (barka etiketa tontoa).

 

argitaletxeaedo.org EDO!

literaturakoadernoak.org Ataramiñe