Nahi hori emeki-emeki gorpuzten ikusi dute lehen edizioek. Aurtengoa, berriz, uda honetan Bizkaian topa dezakegun kultura-eskaintza erakargarrienetako bat ere bada. Zortzi herritako hamabost film laburrek (thrillerak, komediak, beldurrezko filmak...) genero beltzera hurbilduko gaituzte. Baina bada besterik: beste askoren artean Lasa eta Zabalaren efektu bereziak sortu dituen Clon Factory etxeko zuzendaria den Cristina Iglesias bere lanaz mintzatuko zaigu. Eta, horrekin batera, Loreak, Tinieblas Gonzalezen Alma sin dueño eta Lasa eta Zabalaren beraren hainbat pieza ere izango dira ikusgai.
Pedro Rivero zuzendariak gidatutako solasaldian, bestalde, film laburretatik luzeetarainoko jauzia aztertuko dute Asier Altuna, Marian Fernandez, Aitor Gutierrez eta Roberto San Sebastian zinegileek. Horretaz gain, El acomodador monologistak umore beltzez zipriztinduko gaitu; handik ere ibiliko dira Fetén Fetén eta Borja Barrueta baterista, Moby Dick, Highlights eta hainbat DJ; Kristo Putoren kronika beltzak ere izango dira; bideo-mappina herriko elizaren aurrealdean; urteroko poker-txapelketa...
Uztailaren 3an eta 4an Plentzian. Mimoz antolatua eta zinea maite duen jende artean: www.mikrofilmfestival.com