Ahotseneak bi gune ditu: zuzenekoen gunea eta solasaldien gunea. Zuzenekoenean aurten, bost egun izanik, 70 kontzertu programatu dira beste horrenbeste disko aurkezteko. Ibilbide luzeko taldeekin batera (Piztiak, Hesian, Lain, Txapelpunk, Sei Urte, Igelaren Banda...) proposamen berri ugari topatuko ditugu (Marmoka, Pecozza United, Galtza Gorriak, 2ZIO...). Eta hori da, nik uste, Ahotseneako kontzertuek ekartzen duten alderik onenetakoa: edozein ordutan karpara sartu eta ezagutzen ez dugun talde bat deskubritu. Eta agian txunditu.
Solasaldien gunean, berriz, 53 liburu eta diskoren aurkezpenak izango dira hainbat formatutan: solasaldiak, mahai-inguruak, kontzertu akustikoak, ikuskizunak, errezitaldiak... Harkaitz Cano, Jasone Osoro, Fermin Muguruza, Goizalde Landabaso, Ken Zazpi, William Douglass, Karmele Jaio, Jean Mixel Bedaxagar edo Bea Salaberrik, besteak beste, aurkeztuko dituzte euren lanak hurbileko distantzian, Landakon bertan. Eta aurten, lehen aldiz, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz aktoreek liburuetako bina pasarteren irakurketak egingo dituzte Ane Artetxek harpa jo bitartean.
Azken gonbita hau, noski, ez da lar originala baina bai, asmoz, erakargarria.
AHOTSENEA. Durangoko Azokan abenduraren 4tik 8ra.
ahotsenea.durangokoazoka.eus