Appoteo

Erabiltzailearen aurpegia Maider Ibarrondo 2015ko aza. 11a, 12:05

Gutxien espero duzunean, iristen da oparia eskuetara: ostiraletako kafea hartzera jaitsi nintzenean ikasleekin, hara non batek ‘Appoteo’ izeneko aplikazio baten berri  eman zidan. Hasieran, harritu egin nintzen; gero, jendeak zenbat denbora libre duen pentsatu nuen eta, azkenik, gure koadrilan baten batek eskertuko lukeela otu zitzaidan.

Bai, egia da! Zumaian, urtero, babarrun jana egiten dugu eta 40 lagunetik gora izaten gara. Pentsa gure boteari (Borjari) zer ondo etor dakiokeen aplikazioa, idatzi eta ezabatu beharrik ez,  makinak den-dena egiten baitu.

Hala da: aplikazioaren helburua poteoa erraztea da eta, bide batez, ezagunak ez diren edarien izenak euskaraz jakitea. Horretarako, lau talde nagusi bereizten ditu: txikiak, normalak, sobremesa eta kafeak. Horietako bakoitzean sartuz gero, dauden edarien artean interesekoa aukeratu besterik ez da egin behar. Hori gutxi balitz bezala, beste aukera hau ere badago: nahi duzun edaria ez badago, edariaren izena edita dezakezu, hurrengoetarako ere baliagarri izan daitekeena.  Behin edariak aukeratuta, ‘editatu’ sakatu eta aplikazioak automatikoki egiten dizu zerrenda. Paperean apuntatu beharrik ez!

Beti oheratzen omen gara zerbait berria ikasita, bada, aurrekoan oheratu nintzen euskaraz poteatzeko aplikazioa ezagututa;  kuriosoa, benetan!