Orgasmo bat Bilbon

Nire lehen kolaborazioan zuei eskerrak emateko lizentzia hartuko dut.

Plazerak baditu agertzeko hainbat modu: eguerdian eguzkipean edandako kafearekin, ezkutuan jandako txokolate ontzarekin edo sexulagun abilarekin izandako txortaldiarekin.

Euskalzale batentzat plazera izan liteke Bilbon euskaraz bazkaltzea, metroa euskaraz hartzea, igogailuko hizketaldi antzua euskaraz egitea. Plazera izan liteke Bilbo euskaraz idaztea eta irakurtzea.

Beraz irakurle, biok orgasmo txiki (edo handiago) baten baitan gauden bitartean idatziko (eta zuk bitartean irakurriko) dituzue hitzok. Ez aztoratu, ez izutu, baina jarraian Bilbon izan nuen azken orgasmo kontatuko dizuet.

Bat batean gertatu zen, ez zen aurrez pentsatua izan. Ez nuen inolako hitzordurik edo aurre itxaropenik. Erdaraz (gehienbat espainolez) ari ziren inguruan. Bi ordu pasatxo neramatzan batetik bestera denda, taberna eta erakunde publikoren bat edo beste zeharkatuz. Baina dena hotz eta arrotz ordura arte.

Kasualitatez edo, hamabi urte inguruko gazte koadrila batekin gurutzatu nintzen. Euskaraz ari ziren. Irri txiki batekin erantzun nien euren deiadar, buila, oihu eta zaratei. Irribarre konplize batekin.

Nola azaldu sentipen hura? Gogoratzen Euskal Herritik kanpora egin zenuen azken bidaiarekin? Beno, bada ziur egokitu zitzaizun Ataungo, Abadiñoko, Durangoko, Gasteizko edo Leitzako norbait ezagutzea, zeina zu bezala oporretan zebilen, eta bat-batean mini-orgasmo batera iritsi zinen euskaraz entzutean, eta tripetatik etorri zitzaizun gogo geldiezin bat hurbildu eta euskaraz hitz egiteko. Hori bera gertatu zitzaidan niri Bilbon.

Noski, mini-orgasmo hori ez zen gorakada nimiño bat besterik izan, Bilbo izanik gehiago espero bainuen. Dena den, eta nire bekatuak aitortzen hasita, esango dizuet Bilbok ez nauela inoiz erdizka utzi, ezta egun hartan ere. Eguna bukatzerako Bilbo erdigunetik haragoko zenbait auzo pasa nituen, eta beste behin ohartu nintzen (edo ohartarazi ninduten) Bilbo bat baino gehiago daudela, eta zorionez gero eta gehiago direla orgasmoak euskaraz izaten dituztenak. Zu zeu kasurako. Bejondeizula!

Ea berriz topo egiten dugun Bilboko kaleetan, bitartean, goza dezagun zuk eta biok Bilbo euskaraz idazten eta irakurtzen.