Duela urte batzuk erabaki nuen ez nintzela inori begira egongo nahi ditudan gauzak egiteko eta ordutik hona, askotan izan dut elkarrizketa berdina:
- Eta norekin joango zara?
- Ez… bakarrik…
- Bakarrik!?
- Bai, bakarrik
Harrigarria da oraindik ere jendeak gauzak bakarrik egiteari dion erresistentzia. Izan ere, aurreko elkarrizketetan kezka ez dator emakumea izanik (hori beste kontu bat da, gaurkoan sakonduko ez dudana) zerbait bakarrik egin behar dudala jakitean; harridura bakarrik egiteak berak sortzen du.
Tristea da oraindik ere jende gazte asko dinamika horretan sartuta ikustea. Azkenaldian, lagunartean askotan atera den gaia da. Izan ere, naturalago onartzen dugu gogorik gabe ezkondu edo guraso izango den lagun bat, bikotekideari (haiek hala adostuta) protokoloak ezartzen dituen konpromisoak betearazten ez dizkiona, edota bikotekidea topatzeko behar konpultsiboa ez duena baino.
Aspaldi pentsatzen dut arazo larria dugula bakardadea onartzearekin. Edo bakardadeaz dugun definizioa onartzearekin. Txikitatik irakasten digute edozeinen konpainia bilatzea bakarrik egotea baino desiragarriagoa dela. Bakarrik egotea beti tristura, asperdura, eta porrotarekin lotzen dugu. Ezin da norberak aukeratutako zerbait izan, halabeharrez eta besterik ez dagoenean eraman beharreko zerbait baizik. Beraz, hobe da edozein harreman kosta ahala kosta onartzea eta mantentzea, berdin dio benetan asetzen gaituen, edo toxikoa den, kontua da bakarrik ez egotea.
Nik, ordea, lagunekin edo ahizparekin pasatzen dudan denbora bezain gogoko dut neure buruari eskaintzen diodana. Zaratarik gabe pentsamenduak antolatu; nork bere denbora, negoziatzen ibili behar izanik gabe, nahieran antolatzeko aukera; interferentziarik gabe irakurri... Nork bere burua zaintzearen, nahiak eta beharrak asetzearen ardura hartu, azken finean. Baina jakina, erosoagoa da norberaren zoriontasunaren ardura ondoko bati pasatzea; hartara, zerbaitek huts egiten badu porrotaren erantzukizuna ez da gurea izango, eta aitzakia izango dugu, beste alde batera begiratu, eta beldurtzen gaituzten erabakiak ez hartzeko.