Izan ere, euskaldunontzat konpromiso ugari duen hila da, eta urtero bezala, guztietan parte hartuko dugun arren, ondokoari adieraziko diogu zein gogaituta gauden betebehar horiekin guztiekin eta zein gutxi gustatzen zaigun konbentzio sozialetan parte hartzea. Hartara, pentsatu dut hil honetan purrustadaka egin(go) ditugun gauzen zerrendatzea:
- Euskararen eguna: nazioarteko egun gehienak bezala, argazki ateratzeko, aurrekontuak zuritzeko baino ez duela balio, eta euskararen aldeko lana urte osoan zehar egin behar del a esango dugu, baina berdin-berdin hartuko dugu parte inguruan antolatzen diren ekintzetan.
- Durangoko Azoka: jende-oldeaz eta eragiten digun estresaz kexatuko gara; euskal kulturaren mainstream-a horri begira antolatzen dela komentatuko dugu jendez lepo dagoen Goienkaleko taberna batean, baina berriro ere aterako gara Durangotik gutxienez 100 euro gastatuta eta poltsa bete diskoz eta liburuz beteta.
- Lagunekin, lankideekin, ikaskide-ohiekin, dantza-taldekoekin… bazkari/afaria: egutegia konpromisoz beteta, eta datozen 3 asteburuak osorik okupatuta. “Ondo dago sozializatzea, baina ez da beharrezkoa ia urte osoan zehar egon ez garen jendearekin garai honetan elkartzea” diskurtsoa izango dugu ahoan, baina azkenean Eguberriak alkohol-maila egonkorra gorputzean dugula hasiko ditugu.
- San Tomas: Polita da egun horretako giroa, baina gehiegikeria da talo baten truke kobratzen dutena; gainera, hainbeste jende dago, ezin duten ganoraz prestatu eta beste edozein azokatan goxoago daudela entzungo dugu ilara egiten gauden bitartean.
- Opariak erosi: honekin eguberriei dagokien saila hasten da. Behin baino gehiagotan entzungo dugu eguberriak kontsumismora mugatu direla eta ergel hutsak garela opari-trukea baino ez diren jaietan parte hartzeagatik. Zer dela eta, gainera, fededunak ez bagara? Hala ere, azkenean bereziki maite ez dugun pertsona bati bereziki gustatuko ez zaion oparia erosten amaituko dugu giro txarrik ez sortzeko.
- Eguberriak familiarekin ospatu: urtean behin besterik ez ditugu ikusten senide batzuk eta pozik biziko ginateke gutxiago ikusita ere. Gusturago geundeke etxean lasai aurreko egunetako bazkari/afarietan hartutako guztia digeritzen bataren ergelkeriak, bestearen ume zaratatsuak eta ondokoaren batailatxoak irribarre tenkatuaz entzun beharrik gabe. Baina, badakizue, EGUBERRIAK (mundu guztiak gorroto, baina inork kontra egitera ausartzen ez den kontzeptu hori).
- Gabonzaharretako parranda: sekulako hotza, dena garestiagoa, tragoak eskasagoak, tabernak jendez lepo eta jendea zeharo pasatuta dago etxetik irteterako. Askoz ere giro politagoa egoten da 29an edo 2an, adibidez. Edonola ere, logika guztien kontra, egun honetan ere atera eta kexatuko gara. Gainera, hurrengo egunean, 5.puntua errepikatuko dugu baina ajeak dakarren duen handicap-arekin.
- Azpipuntua: egun honetan ere, kexatuko gara urtean zehar kasurik egin ez, baina urte berri zoragarria opa diguten pertsonez. Dena den, jende ongi hezia gara eta guk ere urte berri ezin hobea izan dezala erantzungo dugu.
Tira, zerrenda honekin batera “aditza + nahi dut”-en zerrenda legoke (ez-dakit-zein liburu irakurri/pelikula ikusi; aspaldi ikusi gabeko lagunarekin kafea hartu edo deitu…). Kontua da gehienetan bete gabe geratzen dela azken hori aurreko puntu guztiekin okupatuta gaudelako. Logika handirik ez duela ikusita, nik bi ondorio atera ditut:A) Edo inertziak bizi gaitu eta ez dugu gehiengoaren kontra joateko gogorik; edo, B) aurreko puntuak aitortzen duguna baino gusturago egiten ditugu; baina pentsatzen dugu purrustadek, nolabait, taldetik bereizten gaituztela.