Aratusteak 2018

Folklorekeria apur bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Marta Zumeta Olavera 2018ko ots. 12a, 09:29

Azken garaiotan, behin eta berriro ari gara kritikatzen erakundeek eta instituzioek gure kulturarekiko duten jarrera: gero eta menderago, bazterrago utzi, atzerriko proiektu oso ikusgarri eta oso garestien alde egiteko.

Azken garaiotan, behin eta berriro ari gara kritikatzen erakundeek eta instituzioek gure kulturarekiko duten jarrera: gero eta menderago, bazterrago utzi, atzerriko proiektu oso ikusgarri eta oso garestien alde egiteko. Hizkuntzari dagokionez ere, hainbatetan salatu izan dugu udalek eta erakundeek erdaraz eta erdaratik prestatu eta pentsatutako kanpainak eta itzulpen eskasak. Euskal kultura eta euskararen aldeko kanpainak, pinak, pegatinak eta argazkiak egiten dituzten bitartean, MTV sariak, Red Bull saltoak eta BBK live bezalakoak antolatzen dituzte, edota Euskal Telebista publikoa bat zeinetan euskarazko kateko saio baten saria, espainolezkoaren saio batean parte hartzea den…

Instituzioen diskurtso hutsal eta euskal kulturaren erabilera folklorikoa salatu eta beste eredu bat eskaintzeko omen daude Bilboko Konpartsak bezalako herri-jatorriko taldeak. Horregatik uste dut hausnartzeko eta autokritika egiteko modukoa dela pasa den larunbatean aratusteen harira Bilboko Kafe Antzokian (euskarazko aretorik erreferentzialean) antolatutako Kopla Txikien Lehiaketan ikusi eta, batez ere, entzun behar izan genuena.

Txapelketa aurkezteaz arduratu zirenak kritikatzen dugun horren guztiaren erakusgarri izan ziren saio osoan zehar. Espainiako errege-erregin mozorrotuta agertu ziren, eta hasiera-hasieratik, “umorea” egiteko erabili zituzten elementu guztien artean, ez zen egon euskal kulturari lotutako erreferentzia bakar bat ere, denak izan ziren Rajoy, errege-erreginak, Soraya Saenz de Santamaria, FRANCO, Telecinco, Salvame, Cadizeko “chirigotak”… Tira, aitortu beharra dago euskararekin lotutako umorea egin egin zutela,hain zuzen, ikaste-prozesuan dagoen horri buruzko parodia: “z”ren ahoskera, subjuntiboa eta ergatiboarekin lotutako txisteak, aditz-laguntzaileak ondo esateko arazoak… Eta hori guztia espainola gailendu zen diskurtso batean, noski.

Hori bada euskal kulturaz kezkatuta dagoen eremu batean umorea egiteko hartu behar dugun rola, zer aldarrikatuko dugu? Ez gaizki ulertu, kontua ez da gure unibertsora mugatu eta beste kulturetako erreferentziarik sekula ez erabiltzea; baina kezkagarria eta amorragarria da guk geuk ere kanpoko jarrera hori asimilatu eta gure begirada propiotik umorea sortu ezin izatea. Agian, hausnartu beharko genuke ez ote ari garen kritikatzen dugun horretan erortzen ari; aurkezleetako batek emanaldian esan zuen bezala: “Felipe, mesedez folklorismo pixka bat!”