1967

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2017ko urr. 9a, 09:15

Charlottesville VA 8/12/17 (Argazkia: Susan Melkisethian)

Zein da historiak duen balioa? Zilegi al da gure aurretik mundu hau bizileku izan zutenen ekintza eta lorpenak ahaztea?

Aurrekoan Kathryn Bigelowren Detroit ikustera joan nintzen. Oscar saridun emakume zuzendari bakarrak 1967ra garamatza. Detroiteko poliziak baimenik ez duen jai bat husten du beltzen auzo batean. Bertan dauden guztiak eramaten ditu komisaldegira, tartean hainbat jipoitzen dituelarik. Nahiz eta horrelako gertakariak ohikoak izan, honek jendea asaldatzen du. Ondorioz, eta astebetez, auzoa lapurreta, tiroketa eta arpilatzeen lekuko da.  

Duela 50 urteko gertakariok argi utzi zuten poliziak bereziki beltzak jazartzen zituela eta azken hauek bigarren mailako hiritarrak zirela 'aukeren herrialdean'. Horregatik, nazkaturik zeuden. Afroamerikarren Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua indartzen ari zen: mobilizazio jendetsuak egin ziren Luther King, Malcom X edota Rosa Parks bezalako lider karismadunen eskutik. Horren ildotik, 1964ko Eskubide Zibilen eta 1965eko Boto Eskubideen legeek hainbat eskubide aitortu zizkien beltzei. Baina legedia eta errealitate soziala ez datoz beti bat.

Ordutik hona, afroamerikarren estatusak gorabeherak bizi izan ditu. Goraldiaren adibide garbiena Obama izan da. 2008-2016 artean AEBek presidente beltza izan dute estrainekoz. Horrekin pentsa genezakeen beltzek bazutela lortua zegokien tokia eta iritsia zela hainbat mendetako injustiziarekin bukatzeko unea. Yes, we can! kontsigna horren erakusle. Hala ere, arrazismoak ez du lekurik galdu. Southern Powerty Law Centerrek emandako datuen arabera: 2014-2017 epean talde arrazista, neonazi edota supremazisten kopurua 784tik 917ra igo da.

Kopuruaz gain, gorroto talde hauek portaera aldatu dute. Kalean daude haien nagusitasuna aldarrikatzeko prest eta baita biolentzia erabiltzeko ere. Esaterako, abuztuaren 12an Charlottesvillen armada konfederatuko Lee jeneralaren estatua kentzeko asmoaren aurka elkartu ziren hamaika talde. Protestatu, Poliziari aurre egin eta Heather Heyer aktibista hil zuten. Gertakarion aurrean zalantza egitea zilegi da: beldurra galdu dute, ala beltzen esparru sozialaren konkistak beldurtu ditu? Zerk bultzatu ditu orain kalera?

Filmera itzuliz, Bigelowk duela 50 urte gertaturikoak ditu hizpide, baina ikusleak bizipena du gaur gerta litekeen zerbait ikusten ari dela. Jada gaindituak ziruditenak bueltan dira, ez dira inoiz joan; ezkutuan egon baizik. AEBek ez dute esklabotza garaitik zetorren arrazakeriarekin amaitzerik lortu eta ez dirudi epe laburrean, behintzat, lortuko dutenik ere. Baina urteetako borrokak eragin garbia izan du: esklabuen ondorengoen ekintza eta lorpenek nazioaren sorreratik buru zirenak ikaratu ditu. Horregatik dabiltza antolatuago, asaldatuago eta biolentoago.

Atzerakako begiradak ez du mugarik, zabalegia da. Hala ere, ezinbestekoa da iragana kontuan hartzea. Duela urte edo mende asko izandakoak aztertu eta hausnartzea berebizikoa dugu guri tokatu zaigun unea ezagutzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, Bigelowk Detroiten egiten duena. Historiak gure gizartea ulertzeko duen balioaren aldarrikapena, azken finean.

 

Argazkia: Susan Melkisethian